Energia Berriztagarrien Komunitatea pertsona, enpresa txiki eta ertainek, erakunde publikoek eta eragile sozialek osatu dezakete eta energia berriztagarrietan oinarritutako proiektu eta zerbitzuak eskaintzen ditu, tokiko komunitatearen onurarako. Tokiko eragilea izatea eta komunitateko kideek parte hartzea, kontrolatzea eta kudeatzea dira Lasierrako proiektuaren ezaugarririk nagusienak. Honekin batera, gizarte, ingurumen eta ekonomia onurak ematea eta ez irabazi finantzarioak edukitzea du helburu.
Euskal Autonomia Erkidegoko lehen komunitate energetikoa da Lasierrakoa. Mendi Haran Ur Partzuergoa, Lasierrako Administrazio Batzordea, bizilagunak eta Azala kultura-sorkuntzarako eta turismo-ostaturako espazioa dira tokiko energia-komunitatearen sustatzaileak. Iturri berriztagarrietatik sortutako energiaren erabilera sustatzeari buruzko Europako Zuzentarauak ezartzen dituen ezaugarriak betetzen ditu komunitate berriak.
EMASP kontsumo elektrikoko kooperatibaren aholkularitza eta laguntza teknikoa izan dute komunitate energetikoa osatzeko.
Zero kilometroa
Mendi Haran Ur Partzuergoko lehendakari Jose Mari Martiodak azpimarratu duenez, inolako irabazirik edo etekinik gabe Lasierrako komunitateak uraren kudeaketan egin duen esperientzia, zero kilometroko energia berriztagarriaren ekoizpenera eta kudeaketara trasladatu da, energia-komunitatearen autokontsumorako.
Kontzejuaren ikuspuntutik, Iñaki Gonzalez lehendakariak nabarmendu du Energia Berriztagarrien Komunitatea martxan jartzeak bertako biztanleengandik hurbilen dagoen erakundearen ahalduntzea indartzea dakarrela, "baliabide natural berri bat kudeatzen baitu, bizilagunentzako onura dakarrena, guztiontzako gastua aurreztea dakarrena eta modu praktikoan, ingurumena zaintzen laguntzea dakarrena".
Garapen jasangarria
Halaber, proiektu horrek Europako Garapen Jasangarriari buruzko 2030 Agenda garatzen laguntzen du, Mendi Haran Ur Partzuergoak dagoeneko garatutakotik abiatuta; alegia, uraren eskuragarritasuna eta kudeaketa jasangarria eta guztiontzako saneamendua bermatuz. Komunitatea abian jarrita, gainera, energia ez kutsatzailea eskuragarri jartzen dute komunitateko kide guztientzat, Lasierra herri eta komunitate jasangarriagoa bihurtuz, eta Klimaren aldeko Ekintzaren parte aktiboa izanez.