Iruña Okako altxor naturala ezagutzeko gida

Erredakzioa 2020ko abu. 2a, 08:00

Iruña Oka hobeto ezagutzeko aukera ematen du gida berriak. ALEA

Mandaita, Olabarri, Langraiz, Billoda eta Tresponde herriak ezagutzeko 15 ibilbide prestatu dituzte.

Iruña Okako natura gozatzeko gida berri bat kaleratu dute. Horretan 15 ibilaldi proposatzen dira udalerria osatzen duten bost herriren ondare naturala eta kulturala ezagutzeko eta gozatzeko: Mandaita, Olabarri, Langraiz, Billoda eta Tresponde. Ibilbideen gida hori Iruña Okako Udalaren ekimena da, eta Arabako Foru Aldundiarekin elkarlanean argitaratu dute. 

Miguel Angel Montes Iruña Okako alkateak Badaia mendilerroak natura-turismoaren aldetik duen garrantzia azpimarratu du: "ingurumenaren erreferente eta kirol eta aisialdi jardueretarako agertoki ezin hobea delako".  Azaldu duenez, hiru ibilbide proposatzen dituzte udalerriko herri bakoitzetik. "Proposamen hori osatzen da, besteak beste, gure kirol instalazioekin, Santa Katalinako Lorategi Botanikoarekin, ibilbide berdearekin, Zadorra inguruarekin edo gure ostalaritza eskaintzarekin".

Maila desberdinak

Denen gusturako ibilbideak dira: batetik, ia desnibelik gabeko ibilbide errazak, familian egiteko aproposak; eta, bestetik, hainbat orduko, distantzia eta 500 metrotik gorako desnibelak dituzten ibilbide handiagoak.

Liburuxka argitaratu dute ibilbide bakoitzaren oinarrizko informazioarekin: deskribapen labur batekin, distantzia eta desnibel metatuarekin, baita irudi adierazgarriak ere. Ibilbide bakoitzak, gainera, QR kode bat darama ibilbidea deskargatzeko telefono mugikorrean eta tabletetan. 

Halaber, Iruña Okako Udala aste honetan informazio panel bana jartzen ari da udalerria osatzen duen herrietan, ibilbide bakoitzaren oinarrizko datuekin eta lehen aipatutako QR kodeekin. Ibilbideak ez daude balizatuta.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago