1.200 urteko gatzunetarako egurrezko kanala aurkitu dute

Erredakzioa 2020ko uzt. 31a, 11:00
Indusketen bederatzigarren kanpaina egin dute Gatz Haranean. AFA

Gesaltza Añanako aspaldiko gazkinen ekoizpen metodoei eta teknikei buruzko informazio garrantzitsua agerian utzi du indusketa arkeologikoen bederatzigarren kanpainak.

1.200 urte baino gehiago dituen gatzunetarako egurrezko kanal bat deskubritu dute Añanako Gatz Haranean azken asteetan egin dituzten indusketa arkeologiketan. Halaber, Puente Palo izeneko eremuan, iturburuen ondoan, Neolitoan –duela 7.000 urte inguru– gatz-ekoizpenean erabilitako milaka zeramika eta ikatz zati dokumentatu dira.

Gainera, bederatzigarren kanpaina horretam berriro egiaztatu dute gatzak kontserbatzeko duen ahalmena. Horri esker, agerian utzi dituzte buztinezko larrainak pinuzko enborren gainean eraikiak; putzuak eta egurrezko estalkiak dituen Puente Paloko kanal hori, "egoera ezin hobean kontserbatua", eta larrainetako gatzun soberakina jaso eta putzu batera eramaten zuena; eta Añanako Gatz Haraneko lehen traina txikia (gatzuna jasotzeko garabia) berreskuratu dute.

Aurtengo lanak beste gatzun iturburu baten ondoan ere egin dira, Ontana izeneko tokian; bertan, haran guztiko diakroniarik handiena dago, eta arkeologoek  Kalkolitoko gatza sortzeko ekoizpen eremu bat deskubritu dute. Horretan gatza sua erabilita sortzen duten, behartutako lurruntzearen bidez.

Gatz Haraneko antzinako lan eremuek ondo trinkotutako lurrak dituzte, eta horien gainean gatzuna egosteko suak egon ziren. Ibai aldera, isurketa eremuak daude, zutoinez eutsitako landare-sare baten bidez lan eremuetatik bereizita.

Isurketetan zeramikazko zati ugari agertu dira, eta horien artean kanpaniformeak nabarmentzen dira, kanpai-itxura dute eta Ciempozuelos estiloko dekorazio oparoa. Estilo hori Iberiar Penintsulako Ciempozuelos gatzagan ere agertu da.

Kristo ondoko IX. mendeko gatza ekoizteko egiturak ere daude. Mende horretan egiten dira Añanako gatzagei buruzko lehen aipamen idatziak. Zehazki, 822. urtean, Tobillaseko San Roman monasterioa sortu zen (20 kilometrora baino ez), eta haren ondasun ugarien artean hauek aipatzen dira:  23 gatz-larrain, putzu bat eta anoak gatzun-iturrietan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide