Arabako herri txikien artean txikienetakoa da Valluerca. 1960. urtean zituen 65 bizilagunetik gaur arte nabarmen galdu du populazioa. Izan ere, 1978an, Gaubeatik Gasteiza eta Bilbora jazo zen migrazioaren ondorioz, hamahiru bizilagun bakarrik geratu ziren bertan. Egun, hamalau lagun daude herriko erroldan, nahiz eta uda partean hirietako jendea aitona- amonen edo gurasoen jaioterrira hurbildu eta herria biziberritzen duten.
Pinedotik edo Bovedatik abiatuta irits daiteke Valluercara, errepide aldapatsu eta bihurgunetsu bat zeharkatuta. Sakonune batean ageri da herria, 763 metroko altueran, Omecillo ibaiaren adarra den Haraneko amildegian.
Natura-ingurune horretan urte luzez jazo den aldaketarik handiena El Molino presaren eraikuntza izan da. 2018. urtean jarri zuten martxan urtegia, Añanako Haranak ureztatzeko proiektuaren barruan. Presak 27 milioi euroko kostua izan du, eta hektometro kubiko baten edukiera du, baita lau erregulazio-putzu ere, 430.000 m3-ko bolumena dutenak.
IX. mendean, Valpuestako apezpikutzaren eta Tobillasko monasterioaren inguruan sortu zen botere-gune erlijioso, politiko, sozial eta ekonomiko berriarekin lotuta dago Valluerca. "Gaur egungo panoramak ez du zerikusirik Balluerca bezala IX. mendean jasota agertzen den herri txiki honekin". Yolanda Sobron Gaubeako Turismo Bulegoko arduradunak Valluercako Jasokundearen elizara antolatzen dituen bisita gidatuetan azaldu duenez, Tobillasko monasterioaren urte berean aipatzen da lehenbizikoz herriaren izen zaharra, 822. urtean hain zuzen. "Dokumentuek Valluercaren antzinatasuna erakusten digute, baina baita oraindik zutik dirauten eraikinak ere, eliza kasu".
Sei eraikuntza-fase
2008an egin zen tenpluaren azterketa arkeologikoa, eta horretan deskubritu zituen Leandro Sanchez Zufiaurrek Valluercako Jasokundeko elizaren hainbat sekretu, harrigarriena erromaniko aurreko kanpandorre exentu bat. "Harrizko egitura txiki bat zen, kanpaia zintzilik zuen egurrezko beste baten oinarri zena", azaldu du Turismo Bulegoko arduradunak.
Gainera, egungo eta antzinako harrien artean ezkutatuta, sei eraikuntza-fase ezkutatzen zirela atzeman zuen arkeologoak, IX. mendetik XVIII. mendera arteko eraikuntzak hain zuen, eta horien artean aipaturiko harribitxia. "Valluercan benetako harribitxi bat kontserbatu dugu, Penintsulako Goi Erdi Aroko kanpai-horma bakanetako baten hondakin materialak; izan ere, dokumentazioari esker horrelako kanpandorreen existentzia ezagutzen bazen ere, ez zen haien aztarna fisikorik aurkitu".
Polikromiak ezkutatzen dira karez zuritutako paretetan
Kanpoan bezala, Valluercako elizaren barruan ere sekretuak gorde dira. Hala, karez zuritutako paretetan antzinako polikromien aztarnak sumatzen dira. Pintura gorria eta urdina, eta beix koloreko marrak. "Ziurrenik XVI. mendekoak dira dobelak imitatzen dituzten marrak, eta Erdi Arokoak ere egongo dira horien atzean". Turismo Bulegotik polikromia horiek berreskuratzea nahi dute. Halaber, polikromia horiekin batera, tenpluaren barruan dagoen XIII. mendeko erretaula eta gordetzen diren Andra Mariren eta San Miguelen irudiak ere ikertzea nahiko lukete Valluercako bizilagunek.