Gatz bilketa hasi da Añanako Gatz Haranean

Erredakzioa 2020ko uzt. 16a, 18:06
Jon Gil eta Luis Gil sukaldarien lana aitortu dute gaurko ekitaldian. / AFA

Jon Gil eta Luis Hernani sukaldariek abian jarritako egitasmo solidarioa nabarmendu dute.

Gaur hasi dira Añanako Gatz Haranean gatza biltzeko lanak. Jon Gil eta Luis Hernani sukaldariak izan dira bertan, #PonTuGranitoDeSal proiektuaren antolatzaileak, Arabako diputatu nagusiarekin eta Añanako Gatz Haranaren kudeatzailearekin batera. 2020ko uztako lehenengo gatza bildu dute, antzinako teknikekin ekoitzia. Gilek eta Hernaniren lana aitortu dute bertaratutakoek, konfinamendu garaian Añanako gatza sustatzeko abian jarritako egitasmoagatik; hainbat sukaldarik online errezetak egiteko elkartasun egitasmoa.

Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak elkartasuna eskertu die proiektuan parte hartu duten sukaldariei: "Gure ondare nagusietako bat, Añanako gatza, bultzatzeagatik, irudimenez, egokitzapenez eta, batez ere, geurearenganako maitasunez”. Jon Gil Aspaldiko jatetxearen arduraduna da, eta Luis Hernani Mano Lenta jatetxekoa; haien izenek bat egiten dute Añanako gatzaren kalitatea nabarmendu duten beste sukaldarienekin: Carolina Sanchez, Iñaki Murua, Martin Berasategi, Pedro Subijana, Ron Roca, Andoni Luis Aduriz, Eneko Atxa, Dani Garcia, Diego Guerrero, Maria Marte eta Patxi Eceiza.

Ekitaldian, halaber, haranak uda honetan eskainiko dituen berrikuntzak ezagutzera eman dituzte. Bata txirrindulari eta oinezkoen bide berde berria da, gaur goizean inauguratua, Gatz Harana eta Caicedo-Yusoko aintzira elkarrekin lotzen dituena. 22 metro luzerekin, Muera erreka oinez nahiz bizikletaz zeharkatu eta Gatz Haraneko gatz arloetatik bertatik bide berdera heltzeko modua ematen du. Halaber, mugikortasun urriko pertsonentzako bide berria ere ireki dute; joan-etorriko 420 metro egokitu dituzte.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide