Mundu osoan zehar EITBko berriemaile bezala ibili eta gero, Erriberagoitiko herri txiki batean bizi da orain Vanessa Sanchez (Arrasate, 1972). "Pekinetik zuzenean joan nintzen Erriberagoitira. Gustura egon nintzen Asian, baina konturatzen naiz orain gustatzen zaidana bake honetan bizitzea dela, eta naturaz inguratuta gainera". Asfalto-kumea dela aitortu du, eta inoiz ez zuela pentsatu lau etxe dituen herri batera mugituko zela. "Bizitzaren beste fase batean nago. Horrek ez du esan nahi Gasteiza joatea ez zaidala gustatzen".
Bakartuta baina aldi berean konektatuta. Gertu baina aldenduta. Sentsazio horrekin ondo konektatzen du kazetari ibiltariak; eta Gaubeako haitzulo artifizialen inguruek zirrara hori eragiten diote. "Espazio handia da, baina aldi berean babestuta dago. Leku hauek puntu hori dute, babestuta sentitzen zarela. Bide nagusietatik gertu dago, baina oso urrun zauden sentsazioa ere baduzu. Niri hori gustatzen zait, eta uste dut eremitek ere hori bilatzen zutela".
Erdi Aroan, Tobillas eta Valpuesta hierarkia erlijiosoaren polo indartsuak ziren, eta horren aurrean, ideia aszetiko sakonak zituzten eremutarrek bilatu zuten kristautasunetik beste bide alternatibo bat egiteko modua. Hartara, VI. mendean haitzulo artifizialak zulatu zituzten bertan, baita hobiak ere. "Azkenean Jainkotik gertu sentitzea nahi zuten, baina botere borroketatik kanpo".
"Pinedo bezala espero ez dituzun gauzak eskaintzen dizkizuten lekuak gustatzen zaizkit"
"Altxor historikoa"
Gaubean, Bachicabon, Barrion, Valparaison, Quejon... aurkitzen dira kobak, baina garrantzitsuenak Pinedo, Corro eta Tobillaskoak dira, eta hain zuzen egun bateko ibilbide bat egin daiteke koba hauek bisitatzeko. Pinedokoak bereziki maite ditu kazetariak. Gainera, Gaubea Arabako leku ezezagunetako bat izanik, haitzulo hauek ezagutzea sorpresa handia izan daiteke edozeinentzat.
"Azkenean espero ez dituzun gauzak eskaintzen dizkizuten Pinedo bezalako lekuak gustatzen zaizkit. Beti munduko beste puntara goaz. Niri hori asko gertatu zait, beti egon naizela isolatuen eta urrunen dagoen lekua bilatzen, eta azkenean ez ditugu gure bazterrak ezagutzen".
Koronabirusaren ondorioz, orain gauden egoeran gainera, Sanchezek uste du iritsi dela momentua toki masifikatuetatik ihes egiteko, eta inguru hurbilenak bisitatzeko. Aldi berean ere badu kezka leku hauen edertasunari eta lasaitasunari promozioa emanez ez ote duten galduko beren xarma. "Araban bertan, etxe ondoan, altxor historiko eta naturala dugu, eta benetan txunditzeko leku bat. Adin guztietako pertsonek egin dezakete ibilbide hau; eskailerak jaistea agian konplikatua izango da aitona- amonentzat, baina laguntzarekin lortu daiteke; ez dugu zertan azkar joan behar. Dena den, espero dut toki hau ez masifikatzea".
Donostia baino urrunago
Zaila izango da jende uholdea aurkitzea Pinedon. Zorionez edo zoritxarrez, Gaubea bezalako tokiak bisitatzeko "muga mentala" baitago. "Iruditzen zaigu oso urrun dagoela. Donostiara joaten gara Gasteiztik, baina ez gatoz hona. Niri gertatu izan zait Añanako Kuadrillara bizitzera etorri arte. Ordura arte, behin edo Valderejon egon nintzen, baina badaude txoko pilo bat niretzat orain arte ezezagunak zirela, esate baterako Pinedo".
Hurbilekoa hobeto ezagutzeko gogo biziz dabil Erriberagoitikoa une honetan eta horretan buru-belarri jarri nahi du bere burua etorkizunera begira: "Asko ikasteko dugu, nigatik hasita. Gure arbasoen eta gure historiari buruz ikastea falta zait, eta horregatik leku hau oso interesgarria iruditzen zait. Beti egon naiz kanpora begira, eta oraingo honetan nire herrira begira nago, eta gauza asko ikasteko gogoz".
Mitoak apurtzeko unea
Baina Euskal Herria sakonago ezagutzeko apustuak eta errealitate anitz batera hurbiltzeak badu arrisku bat, Sanchezen esanetan: "Ez dut soilik kondairekin gelditu nahi; aurreiritzi eta mito asko jauziko zaizkit eta agian dezepzioa hartuko dut, baina gogoa dut gehiago jakiteko". Izan ere, kanpoan egon den urteetan faltan bota du Euskal Herriari buruzko informazio osatuagoa izatea. "Askotan galdetu didate Euskal Herriari buruz, eta konturatu naiz nire diskurtsoa oso mugatua gelditzen zela. Ziur aski beti kanpora begira egon naizelako; eta iritsi zitzaidanean hona itzultzeko momentua zera esan nuen: begira, geratzen zaizkidan zalantzak saiatuko naiz argitzen ahal dudan neurrian".
Horregatik, Pinedoko koba bezalako tokiak bereziak dira kazetariarentzat: "Euskal Herrian beste toki batzuei atentzioa jarri zaie eta Gaubeari... Zer da Gaubea? Burgostik hain gertu dagoenez, ba Euskal Herria izango ez balitz bezala. Eta egia da Gaztelaren menpe egon dela, baina aizu, orain Euskal Herriaren parte bat da, eta jakin dezagun zer gertatu den hemen. Oso ondo dago betiko leku horiek ezagutzea: Arantzazu, Goierri... baina hau ere Euskal Herria da, ezagutu dezagun".
"Udalaitz izango da beti nire mendia, baina izugarri maite dut paisaia hau. Nire etxea da".
Agerikoa da Sanchezek asko maite dituela Añanako paisaiak eta Gaubeako pinu gorrien baso zabalak, baina aitortu du kostatu zitzaiola ingurua estimatzea. "Ni berez Arrasatekoa naiz, baina zazpi urterekin joan ginen Gasteiza. Nahiz eta hau askoz gehiago gustatu, nire paisaia kutuna, erroetan eta bihotzean sartuta daramadana hori da, paisaia hori, pinu horiek. Eta kostatu zait hau apreziatzea, baina konturatzen naiz honen balio naturalaz. Nire mendia Udalaitz izango da beti, eta paisaia berde horiek. Hemen ere berdea dago, eta izugarri maite dut paisaia hau. Nire etxea da".