Callarranas gazte elkartea

"Herria batzea nahi dugu, eta kolektibo baten parte sentitzea"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2020ko eka. 20a, 08:00
Irene Urbieta, Uxue Barroso, Alba Sobron eta Xabier Urbieta. E.U.

Konfinamendua baliatu dute Villanañeko gazteek elkarte bat martxan jartzeko; herria dinamizatu eta kultur-ekintzak antolatuko dituzte.

Callarranas gazte taldea sortu dute Villanañen koronabirusak eragindako konfinamenduaren garaian. Herriko bizilagunek pozez hartu dute gazteak lan egiteko gogoz ikustea, eta animatu ere egin dituzte aurrera egiteko. Uxue Barroso, Irene Urbieta, Xabier Urbieta eta Alba Sobron, beste hogei bat gazterekin batera, hurrengo hilabeteetarako jardueren programa bat osatzen ari dira, "herri guztiari irekia".

Aspalditik dator gazte taldea sortzeko asmoa?

Xabier Urbieta: Aspalditik zegoen taldetxo bat hogei eta hogeita bost urteko neska-mutilena, hemen urte osoan bizi direnak edo uda partean etortzen direnak, eta gauza ezberdinak antolatzen genituen, jaiak eta abar. Baina hori modu batean formalizatzea nahi genuen, diru laguntzak lortzeko, eta baita gu ezagutarazteko ere.

Irene Urbieta: Gainera, ikusten genuen jende asko dagoela herrian motibatua, integratua eta lan egiteko gogoarekin, eta pentsatu genuen hobe zela denok biltzea eta denon ideien artean, guztion ekarpenekin errazagoa izango zela gauzak aurrea eramatea. Elkartearekin zerbait finkoa dugu, zehatza, formalagoa, eta gainera diru-laguntzak daude ekintza kulturalak egiteko, eta horrek ere laguntzen du. Gainera ez ditugu ekintzak soilik guretzako egingo beste jendearentzat ere izango dira, integratu nahi dugu. Herria batu nahi dugu, eta mix bat egin, zaharrak eta gazteak, eta denok parte hartzea.

Jaietan ez ezik, urte osoan ere ekintzak antolatu nahi dituzue?

Uxue Barroso: Bai. Azkenean jaiak bakarrik dira alkohola eta musika; eta aldiz, modu honetan beste gauza batzuk antolatzeko aukera izango dugu, gazteentzat baina baita zaharrentzat ere. Konfinamendu garaian sortu duzue elkartea. Bitxia.

X.U: Konfinamendua gakoa izan da. Denbora gehiago genuen eta tramite hau telematikoki egin izateko aprobetxatu dugu. Oso tramite erraza eta arina zen, eta horregatik egin dugu.

Gazte asko mugitzen da Villanañen?

U.B.: Ez gaude asko herrian, baina inguruko herrietako lagunak ere etortzen dira. Agian hogeita hamar inguru izango gara, eta Villanañen agian hamabost edo hogei.

I.U.: Gutxi gara, baina ekitaldien programa bat baldin badago udatik aparte, asteburuetan ere jendea animatuko da herrira etortzen. Plangintza horren arabera jendeak erabakiko du etorri edo ez.

Kultur ekintzak antolatzeaz gainera, zer beste helburuekin sortu duzue elkartea?

X.U.: Beste helburu garrantzitsua da kolektibo sentimendua sortzea herrian faltan botatzen genuelako, eta herria batzea. Hemen ba- tzuk udan bakarrik datoz, beste batzuk lehen ezagutzen zirenak orain jada ez dira elkartzen, soilik tabernetan; eta modu eraginkor bat da elkartearen aldetik ekimenak sortzea, jendea elkartzeko.

Nola hartu dute bizilagunek elkartea?

U.B.: Harrituta. Atzo bertan esan ziguten "Zenbat gogo duzuen lan egiteko!". Ez dute espero, hemen ez da inoiz ezer egiten, orduan gauza txiki-txiki bat egiten duzunean harrigarria iruditzen zaie.

I.U.: Ikusten dute gazte jendea beste gauza batzuetan ere pentsatzen ari dela, ez bakarrik jaia eta gaua. Polita da.

Zer ekimen aurreikusi dituzue?

X.U.: Jaiak bertan behera geratu zirenez, uda osorako plan bat egin dugu eta dagoeneko zabaldu dugu herrian. Neguan, berriz, zuhaitz-landaketa bat egin nahi dugu, herriko hainbat tokitan galdu ziren arbolak berreskuratzeko, batez ere intxaurrondoak eta fruta-arbolak.

U.B.: Eta egun hauetan argazkien erakusketa bat ari gara prestatzen, Villanañeko antzinako argazkiekin, eta gainera horiekin ere artxibo bat egin nahi dugu eta partekatu bizilagunekin. Elkar ezagutzeko balio izan du ere ekimenak, eta argazki asko jaso ditugu, baina orain ordenatu behar dira. Dena den, norbaitek argazkiren bat bidali nahi badu garaiz dago: villananekojaiak@gmail.com postara bidal dezake.

Udako plana

Villanañeko abuztuko jaiak bere horretan ospatu ezingo direnez, gazteek bestelako jarduerak antolatu dituzte.

Ekainak 26
• 19:30. Pintxopotea.

Uztailak 4

• 12:00. Tailerrak: ekarri arropa zuria tindatzeko.

• 18:30. Txokolate-jana.

Uztailak 18

• 13:30. Bingoa eta txistorra-jana.

Abuztuak 8

• 17:00. Ur-puxiken gerra.

• 22:00. Udako zinema herriko plazan.

Abuztuak 14

• 13:30. Gesaltza Añanako udal banda.

• 20:30. Jai ibizarra. Denak zuriz jantzita.

Abuztuak 15

• 12:00. Meza.

• 18:00. Mus eta briska txapelketa.

• 19:30. Txistorra-jana.

Abuztuak 16

• 13:30. Tribial herrikoia.

• 14:30. Bingoa.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide