Gatz Haraneko ateak zabalik daude berriro

Erredakzioa 2020ko mai. 25a, 10:27
Maiatzaren 23tik berriz zabalik dago Añanako Gatz Harana. / AFA

Larunbatetik berriro irekita dago Añanako Gatz Harana. Segurtasun zein higiene neurriak hartu eta hainbat ibilbide prestatu dituzte, hamar pertsonaz osatutako taldeak ez gurutzatzeko.

Gatz Haraneko ateak berriz zabaldu dituzte Arabako herritarrentzat, Eusko Jaurlaritzaren Turismo Zuzendaritzaren onespena jaso ostean, eta turismo aktiboko zein natura-turismoko jarduerei buruz maiatzaren 9an Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratutako irizpideen arabera.

"Espero ez genuen arren, Covid-19 gaixotasunak eragindako egoera dela eta, arabarrek aukera dute beren lurraldeko bertako natur aberastasunak eta altxorrak berriz ere aurkitzeko, eta horien artean dago, jakina, Añanako Gatz Harana", adierazi zuen Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak iragan ostiralean egindako bisitan.

Gatzagak ezagutzeko bisita gidatuak martxan daude, eta gehienez ere 10 pertsonaz osatutako taldeak antolatuko dituzte. Gatz lantegia ere beste kokapen batean zabalik dago, 900 metro koadroko azalerarekin. Dendan, aldiz, noranzko bakarrean ibiltzeko aukera dago.

Kultura eta Kirol Saileko foru diputatu Ana del Val Gatz Haranean. / AFA

 

Segurtasun neurriak

Bisita gidatuen hasieran, ezarritako segurtasun neurri guztien berri emango diete bisitariei. Besteak beste, derrigorrezkoa izango da geldialdietan maskarak janztea. Hainbat ibilbide antolatu dituzte gatzagetan, ordutegi ezberdinetan, 10 pertsonako taldeak gurutzatzea saihesteko.

Bisita gidatua egin nahi baina ezezagunekin elkartu nahi ez duten edo egoera zaurgarrian dauden pertsonentzako hiru ibilbide prestatu dituzte, familiek edo lagun taldeek elkarrekin egin ahal izateko.

Gatz lantegia

Gatz Haranera hurbiltzen diren bisitariek gatz lantegian parte hartzeko aukera izango dute, bisita egiteaz gain; izan ere, ekintza hori gauzatzen den lekua eta erabiltzen diren tresnak erraz desinfektatu daitezke.

2019an arrakasta handia izan zuen lantegiko jarduerak, eta 5.000 parte-hartzaile baino gehiago izan zituen. Hori dela eta, Gatz Harana Fundazioak berriz martxan jartzea erabaki du; horretarako, lekualdatu eta gatz sparen ondoan kokatu du, "instalazioak handitu eta hobetzeko".

Gune berriak 900 metro koadro ditu eta, horri esker, aldi berean hiru tailer egin ahal izango dira bertan. 32 gatz larrain, bost putzu, biltegi bat eta hiru trabukete birmoldatu behar izan dituzte, eta erabiltzaileentzako ibilbideak egokitu dituzte.

Bisitarientzako zentroa eta denda

Bisitarientzako zentroa ere irekita dago, eta merkataritza-establezimenduek bete beharreko araudia zorrotz jarraituko dute. Denda berrantolatu dute, bisitarientzako eta langileentzako leku segurua izan dadin. Norabide bakarrean ibili ahal izango da establezimenduaren barruan, lurrean adierazitako noranzkoan; gainera, gel hidroalkoholikoa egongo da sarreran eta irteeran.

Gatz Haraneko dastatzeak, spa eta errealitate birtuala ez dira erabilgarri izango momentuz; pandemiaren bilakaeraren zein osasun agintariek ematen dituzten aginduen arabera berriz martxan jarriko dira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide