Bere ondare kulturalaren ikur nagusia berreskuratu du Valderejok

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2020ko mai. 10a, 12:00
Valderejoko Riberako San Esteban elizan dauden margoak. L.R.P.

Birgaitzeko lanak amaitu eta gero, Jaurlaritzaren Babestutako Ondarearen Katalogoan sartzeko zain dago Riberako eliza; XIII. mendeko tenpluak horma-pintura gotikoak eta kapitel ikusgarriak gorde ditu.

Valderejoko bailarako eraikinik adierazgarriena Riberako San Esteban eliza da, zalantzarik gabe. Hustutako herria zaintzen du harkaitz baten muturretik; eta azken hilabete hauetan, gainera, tenplua desagertzea saihesteko birgaitze obrak amaitu direnetik, harro agertzen da parke natural osoa zelatatzen.

Hurrengo asteetan Eusko Jaurlaritzaren Babestutako Ondarearen Katalogoan sartuko da Riberako eliza, urteetako utzikeriaren eta sasien erasoen aurrean gorde dituen harribitxiak babesteko: horma-irudi gotikoak barruan eta kapitel ikusgarriak kanpoan.

1960. hamarkadatik, Ribera hustu zenetik hain zuzen, herrian zutik geratzen den eraikin bakarra da San Esteban. Garaiotan eliza ez eraisteko arrazoi ia bakarra barruan gordetzen dituen Erdi Aroko horma-pinturen multzo nabarmenak izan ziren.

Adituen esanetan, oraindik fresko gehiago geratzen dira igeltsu zuriaren azpian.

Izan ere, 80. hamarkadan aurkitu zituen Felix Murga arkeologo eta etnografoak freskoak, XVI. mendeko erretaularen atzean, igeltsuz estalitako hormen azpian. Garai horretan lehen mailako aurkikuntza izan zen, margolanen sinpletasunagatik, erakusten duten xalotasunagatik, eta lurraldeko elizek gordetzen duten lehen sekretuetako bat izan zelako.

Horma-pinturen zati batzuk estilo gotiko linealekoak dira (XIII-XIV mendeetakoak), eta beste batzuk ondorengo mendeetan margotu zituzten. Horietako batzuk beranduago agertu ziren, 1993. urtean; eta adituen esanetan, oraindik fresko gehiago geratzen dira igeltsu zuriaren azpian.

Ikur heraldiko zaharrena

San Esteban gorde duen beste bitxikeria bat da eliza gotikoaren azpian ezkutaturik dagoen XIII. mendeko tenplu erromanikoa. Aztarnarik interesgarrienak horma gotikoetan itsatsirik dauden dozena bat gizakiren buruak dira. Hala, arlo ikonografikoari dagokionez, interes handiena tenpluaren sarreraren alde bakoitzean dauden bi kapitelak dira.

Ezkerraldean, kaskoa duten bi gudari daude, sare-kotarekin jantzita, ezproiak, ezpata eta ezkutuarekin. Bi alboetatik, tunika luzea duen gizon izutu bat jazartzen dute, ezkerreko eskuan daraman bola bat babesten duela dirudiena. Adituen esanetan, Euskal Herriko enblema heraldiko baten testigantza zaharrena da.

Irudi horren ondoan, beste kapitel batean, ahutz handiak dituen izuaren maskara bat ikusi daiteke, animalien eta gizakien ezaugarriak nahasten dituena. Eskuinean, hazpegi zakarra duen beste giza-buru handi batek trostan doan zentauro Sagitario batekin topo egiten du.

Tenplua birgaitzeko lehen erabakia 2005. urtean hartu zuen Diputazioak, baina ez zuen aurrera eraman. Urte horretan, EHUko Arkitekturaren Arkeologiaren Ikerketa Taldeak elizaren zaharberritzeari aurre egin ahal izateko txosten zientifikoa egin zuen. Bi urte beranduago elizaren sakristia erori zen, baina ez zen neurririk hartu. Azkenik, iaz, Aldundiak Gotzaindegiarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenari esker, erortzear zegoen tenplua birgaitzen hasi ziren, eta 81.000 euro gastatu dituzte.

Arriskuan zeuden elementuak desmuntatu dituzte eta zegokien tokian finkatu dituzte; teilatua ere konpondu dute; hormak, erlaitzak, kanpai-horma eta fatxadak konpondu eta sendotu dituzte; eta egurrezko leihoak jarri dituzte.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide