Lixiba egiteko fabrika berria zabalduko dute Lantaronen

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2020ko api. 24a, 07:00

Latarongo industrialdean Dekitrak duen lantegia. PHOT.OK

Dekitra S.A. enpresak industrialdean dituen instalazioak handitu nahi ditu, sodio hipokloritoa ekoizteko eta merkaturatzeko; energia elektrikoaren kontsumoa laukoiztuko dute.

Sodio hipokloritoa uretan disolbatzen denean sortzen da lixiba. Produktu kaustikoa da sodio hipokloritoa, eta kloro kantitate txikiak askatu ditzake atmosferara. Dekitra S.A. enpresak Lantaronen duen fabrikan osagai kimiko hori ekoizteko planta berri bat eraikitzeko baimena eskatu du. Beharrezko dokumentazio guztia –ingurumenaren eraginaren gaineko txostena barne– aurkeztu du Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen sailean. Printzipioz, maiatzaren 7ra arte zabalik dago jendaurreko informazio- prozesua, baina osasun krisia dela eta, epe administratibo guztiak eten dira.

Hiru enpresa kimikoak

Egun, Dekitra enpresaren jarduera industriara oro har bideratutako produktu kimikoak fabrikatzea eta merkaturatzea da, bereziki araztegietan urak tratatzeko produktuak eta beste kimiko batzuk: desinkrustatzaileak, neutralizatzaileak, inhibitzaileak eta abar. Lantarongo industrialdean kokatuta dago fabrika, Ebro ibaiaren ertzean, beste bi industria kimiko handiren ondoan: General Química S.A. eta Hexion Specialty Chemicals. Hiruren artean, Euskal Herriko zonalde kimiko arriskutsu bilakatu dute Miranda Ebroko mugatik kilometro gutxira dagoen nekazaritza eremu hori.

Jarduera berria martxan jartzeak Lantaronen Dekitrak duen pertsonala handitzea ekarriko luke; hau da, sei langile gehiago kontratatuko dituzte. Enpresak berak aurkeztutako eskaeran azaldu du sodio hipokloritoa egiteko instalazioak 24 orduz jarraian funtzionatuko duela asteko zazpi egunetan, eta, beraz, bost txandatan lan egingo dutela beharginek.

3.800 metro koadro

Aurreikusitako planta enpresaren instalazioen esparruaren barruan egingo da, erabiltzen ez den lau mila metro koadro inguruko eremu batean. Bertan, bi industria- nabe eraikitzen ari dira, eta ingurua urbanizatu dute. Nabe nagusiaren kanpoko neurriak 22,90 x 18,90 metro dira. Bigarren industria-nabeak, berriz, 20,70 x 15,70 metroko neurriak izango ditu.

Halaber, kubeta bat eraikiko dute lurzoruan, 100 m3-ko lau biltegiratze-tanke hartzeko, sodio hipokloritoarekin, eta zisterna-kamioiak zamatzeko toki bat ere, zisterna-kamioien goiko aldera sartzeko metalezko egitura bat izango duena.

Fabrika berrian merkaturatuko duten produktu bakarra sodio hipokloritoa izango da. Koronabirusaren osasun krisiarekin, hain zuzen, ospetsu bilakatu da produktua, eremu desberdinak desinfektatzeko erabili baitituzte suhiltzaileek eta udaletako langileek.

Gatzunaren elektrolisiaren bitartez, bi oinarrizko substantzia sortuko dituzte fabrika horretan: gas kloroa eta sodio hidroxidoa (soda). Horretarako teknika aurreratua erabiliko dute: mintzezko gelaxkaren teknologia.

Merkurio gabe

Enpresak berak aurkeztutako txostenean adierazi duenez, mintzezko gelaxkaren teknologia da kloroa eta soda ekoizteko erabilgarri dagoen teknologiarik onena, "merkurioa eta amiantoa ez dituelako erabiltzen, eta energia gutxiago kontsumitzen duelako".

Gainera, kontuan hartu behar da Europa mailako ingurumen araudi berriek ez dutela onartzen kloroaren industrian merkurioarekin lan egitea, oso kutsagarria baita. Izan ere, orain gutxi arte Espainiako Estatuan kloroa sortzen zuten enpresa gehienek merkurioarekin lotutako teknologia erabiltzen zuten; baina, Europako Batzordeak 2017an ezarritako ingurumen araudi berriarekin, produkzioa egokitu edo fabrikak itxi behar izan dituzte. Estatuan, guztira, hamarretik sei fabrika itxi ziren. Gainerako laurak, tartean Gipuzkoako Electroquímica de Hernani, teknologia berrira egokitu ziren, eta produkzioarekin aurrera jarraitu dute.

Greenpeacek berak Europako kloroaren industriaren inguruan 2008an kaleratu zuen txosten batean onartu zuen mintzaren teknikak gutxiago kutsatzeaz gainera, energetikoki merkuriozko gelaxkak baino askoz eraginkorragoa dela.

Instalazio berriak 24 orduz jarraian funtzionatuko du, asteko zazpi egunetan.

Lixibaren sekretua da kloroa. Izan ere, desinfektatzeko duen gaitasunaren oinarrizko elementua da, eta horregatik da horren garrantzitsua produkzioa bermatzea. Alta, oso kloro kantitate txikia behar da (%3 inguru) sodio hipokloritoa eraginkorra izateko; formularen gainerako %97a ura besterik ez da.

Hartara, egungo ur-kontsumoa nabarmen handitu beharko du Dekitrak lantegi berria martxan jartzeko. Txostenetan jaso dutenez, Ebro ibaitik eta putzu batetik hornitzen da gaur egun industria kimiko hau. 2018. urtean, esate baterako, 104.023 metro kubiko ur hartu zituzten bi iturri horietatik. Egindako kalkulu berrien arabera, urtean, 30.000 metro kubiko ur gehiago hartu beharko dituzte. Bolumen handia da, kontuan hartzen badugu, EAEko herritar batek urtean 41 metro kubiko ur kontsumitzen dituela.

Hala ere, enpresak gogoratu du Ebroko Ur Konfederazioak ur-bilketa egiteko 2004. urtean emandako baimenaren oso azpitik egongo liratekeela metro kubiko berriak.

Era berean, elektrizitatearen kontsumoak ere gora egingo du nabarmen instalazio berria martxan jartzen denetik. Hala, gaurko zifrak laukoiztuko dituzte, eta urtean 2.410.918 kilowatt gastatzetik 11.316.918 kontsumitzera igaroko dira, fabrika berriak 8.906.000 kilowatt behar izango baititu. Hortaz, instalazioaren inguruan transformadore berri bat jarri beharko dute.

Bestetik, sodio hipokloritoa sortzeko prozesua egin ahal izateko ezinbestekoa den gatza erabiliko dute, urtean 4.818 tona hain zuzen.

Zenbaki horiekin guztiekin sodio hipokloritoa ekoizteko ahalmenaren aurreikuspenak egin ditu Dekitrak. Instalazioaren lehen etapan, egunero 60,7 tona hipoklorito ekoiztuko dituzte, eta bigarren fase batean 91 tona.

Emisioak eta hondakinak

Bestalde, lantegi berriak ingurumenean eragingo dituen kalteak arintzeko neurriak zerrendatu ditu Dekitrak Eusko Jaurlaritzaren aurrean aurkeztu duen txostenean. Hala, besteak beste, gatzuna erabili beharko dute, eta egunero sortuko diren 9.435 kilo hondakin likidoak jasotzeko bi biltegi egokituko dituztela azaldu dute. Halaber, instalazio berrian erabiliko dituzten bestelako likidoak enpresaren hondakin-uren araztegira bideratuko dituzte, eta hortik Ebro ibaira itzuliko dira. Isurien bolumena igoko bada ere, Dekitraren arabera, fabrika berriak ez du kutsadura "modu nabarmenean" handituko. "Lehen fasean, 77mg/l kloruro gehiago isuriko lirateke, eta, bigarren fasean, 101mg/l kloruro gehiago. Onargarria da egun onartuta ditugun isurien balioak kontuan hartuta", jaso dute.

Enpresaren araztegira bideratuko dituzte hondakin-urak, eta Ebrora itzuliko dira.

Bestalde, kutsadura atmosferikoari dagokionez, kloroa isuriko duen foko berri bat izango da lixiba fabrika. Halere, ingurumenaren gaineko eragina "neurrizkoa" dela jaso du Dekitrak. "Kloroaren emisioak oso txikiak dira (63 metro kubiko orduero) eta kloro kontzentrazioa ere txikia izango da". Jaso dutenez, urtean 1,75 kilo kloro gehiago isuriko dituzte lixiba egiteko fabrika berria zabaltzen dutenetik. Alta, enpresaren arabera, emisio-foko guztiak legezkoak dira, eta legeak jarritako muga guztiak betetzen dituztela azpimarratu dute.

Kloro isuriak neurtzeko gas neurgailua izango dute tximiniek, eta etengabeko kontrola egingo diote. Alta, ezin izan dute airearen kalitatea aztertu ezta aurrerantzean izango dituen eragina aurreratu, "ez baitago Eusko Jaurlaritzaren airearen kalitatea zaintzeko eta kontrolatzeko sareari dagokion estaziorik Lantarongo Dekitra instalazioetatik gertu".

Halaber, Lantarongo industrialdeko lixiba fabrika eguneko 24 orduetan funtzionamenduan izateak argi eta soinu kutsadurak areagotuko ditu, batik bat gauez. Fabrikatik 800 metrora dagoen Burgosko Montañana herria izanen da kaltetuena. Dekitrak azaldu duenez, baina, ohikoa baino zarata gehiago ez du sortuko fabrika berriak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago