Koronabirusaren pandemiak osasun alarma eragin du mundu mailan, eta Arabako udalerrietan ere bide publikoek izan dezaketen karga birala deuseztatzeko garbiketa lanak abiatu dituzte.
Traktoreak erabiliko dituzte kaleak sodio hipokloritoarekin desinfektatzeko. Iristen ez diren zonaldetan lainoztatzeko motxilekin aplikatuko da produktua; kasu honetan, lixiba arrunteko 20 mililitro ur litro bakoitzeko.
Desinfekzio lanak egin ahal izateko, herritarren lankidetza eskatu du Udalak, eta hainbat irizpide eman ditu:
- Fumigatu aurretik, landareak edo lore-apaingarriak kentzea edo plastikozko poltsekin estaltzea.
- Leihoak eta ateak ixtea, produktua etxeetan sar ez dadin.
- Bide publikoaren ondoko lorategi eremuetan adingaberik edo etxeko animaliarik ez egotea.
- Ibilgailu partikularrak kaletik kentzea, boluntarioek hala eskatzen dutenean.
"Harro nago Zanbrana udalerriko herritarren komunitateaz. Denok bat, nekazariak eta boluntarioak gure kaleak fumigatzen eta elkar babesten", adierazi du Aitor Abezia alkateak, sare sozialen bitartez.
Garbiketa Añanako Kuadrillan
Bestalde, eskualdean hiri hondakin solidoak biltzeko zerbitzua kudeatzen duen Añanako Kuadrillak edukiontzien tapak sodio hipokloritoarekin garbitzeari ekingo dio. Halaber, zaborra eskularruekin botatzea gomendatu dute, kontzejuei bidalitako ohar batean