450 langile ditu enpresa honek, eta Berantevillako lantegian oraindik kasu positiborik antzeman ez den arren, koronabirusa kutsatzeko arriskua dagoela salatu du enpresa batzordeak.
Izan ere, zuzenean kaltetutakoen senide izateagatik hiru langile etxean konfinatu dituzte, eta enpresa egitura bereko Fibertecnic enpresaren Gamarrako lantegian lau positibo egon direla salatu dute.
Astelehenean ekoizpena gelditzea exijitu zuten, baina zuzendaritzak ez zuen eskaera onartu: "Konfinamenduaren beharra ez da soilik kutsatzea saihesteko, ospitaleetako larrialdien kolapso handiagoa saihesteko baizik", azaldu dute langileek. Halaber, salatzen dute badirudiela konfinamendua "aisialdiari bakarrik" eragiten diola, eta "lan denbora arriskutik salbuetsita dagoela".
Gaurko protesten ostean bilera egin dute: enpresa martxoaren 23ra arte ixtea onartu du zuzendaritzak. Gaurko arratsaldeko txandako langileek ez dute lanera joan beharko, eta datorren astelehenean berriro bilduko dira enpresa batzordea eta zuzendaritza, hurrengo urratsak zehazteko.
Michelin, Mercedes, Aernnova eta Alestis bezalako enpresek itxi duten arren, ziurgabetasuna eta segurtasun neurrien falta salatu dute Arabako enpresa handi eta ertain askotan.
Gaur arte Aernnova adibide horietako bat zen, baina egoera bera bizi dute Arabako beste hainbat enpresetako langileek: Sidenor, Fibertecnic, Gestamp eta abar luze bat.