Añana, Armiñon, Berantevilla, Erriberabeitia, Erriberagoitia, Gaubea, Kuartango, Lantaron eta Zanbrana udalerrien artean dauden desberdintasun sozioekonomikoek markatzen dute Arabako Ibarren izaera. Eskualde administratiboa da, batez ere, Añanako Kuadrilla, eta lurralde antolamenduaren eremu estrategikoak eta bazter zokoratuak biltzen ditu.
Gaindegiak Euskal Herriko eskualdeen argazki sozioekonomikoaren inguruan plazaratutako txostenak jaso bezala, batetik garraio ardatz nagusien presentziak eskualdearen hegoaldea manufaktura-industrian diharduten enpresa handien kokagune bihurtu du, "eta Arasur portu lehorrarekin aurreikustekoa da logistikari loturiko jarduerak indartzea". Izan ere, Arabako Ibarren hegoaldetik eta ekialdetik igarotzen dira garraio azpiegitura nagusiak: AP-68, A-1 eta Bilbo eta Miranda Ebro arteko trenbidea.
Horrenbestez, industria guneetatik eta garraio azpiegitura hauetatik hurbil, Erriberabeitian, kokatu da eskualdeko biztanleriaren multzo nagusia (1.347 biztanle), eta bertan finkatu da baita ere eskualdeko buru administratiboa. Dena dela, Erriberabeitiak "nekez" betetzen ditu eskualde buru funtzioak. "Herritarrek zerbitzu anitz asetzeko Gasteiza edo Miranda Ebrora jotzen baitute", argitu du Gaindegiak.
Arabako Ibarretan, 60. eta 70. hamarkadetako despopulazioaren ostean, 1990eko hamarkadatik aurrera, hazkunde demografiko positiboko balioak nagusitu ziren, Erriberabeitian eta Lantaronen zehazki. Baina joera horrek iraupen mugatua izan du, 2008 urtea mugarri gertatu baitzen. Krisi ekonomikoaren lehenengo urteetan, eskualdeko herritarren bolumenak indar apalagoz handitzen jarraitu zuen Erriberabeitia, Erriberagoitia, Berantevilla edo Zanbrana udalerriei esker; "baina joera hori agortu, eta egun, herritarren galera nagusitu da berriro".
Krisi urteetan gutxiago sufritu zuten eremu honetan, industria ehunaren teknologia maila altua-ertaina delako, eta mikro enpresa gutxi daudelako. Esan bezala, manufakturaren industriaren presentzia garrantzitsua da: "Eskualdeko ehun ekonomikoaren %10,3 bada ere, sektore honek balio erantsiaren %57,2 sortzen du". Nekazaritzak hartzen duen lurralde zati handia (%37,7) ere hegoaldeko eremu lauetan da.
Hortaz, jarduera ekonomiko gehienak oso kontzentratuta daude eskualdearen hegoaldean, baina eremu honetatik kanpo, Arabako Ibarretan, oso urria da jarduera. Izan ere, eskualdearen eremu zabalenak aspaldian despopulazioa pairatu zuenetik ez dute bizitasuna berreskuratu: "Landa izaerako zenbait eremu garraio ardatz handien igarobide hutsa dira, garraio azpiegituren presentziak bere horretan ez baitu jarduera ekonomikoa bermatzen".
Bigarren etxebizitza, aisialdirako
Oso garrantzitsua da Arabako Ibarretan erabilera iraunkorrik gabeko etxebizitzen bolumena (%47,1). Izan ere, bigarren mailako erabilera duten etxebizitzek kopuru osoaren %22,7a osatzen dute, eta etxebizitzen beste %20,5a hutsik dago. Erabilera iraunkorra ez duen etxebizitzen kopurua oso handia da Añanan, Gaubean, Zanbranan eta Lantaronen, batik bat, eta aisiari lotutako erabileraren erakusgarri dira.