Sagardo kupelak ireki dituzte Araban, lehenengo txotxarekin

Erredakzioa 2020ko urt. 16a, 18:02

Arabako sagardotegiek 95.000 litro sagardo lortu dituzte azken uztan. Denboraldi berria hasi da antzinako bainuetxean kokatuta dagoen eta Benito Peciñak gidatzen duen Kuartango Sagardotegian.

Ostegunean 17:00etan inauguratu dituzte kupelak, lehenengo txotxarekin. Alaveseko emakumeen taldeko jokalari batzuk gonbidatu dituzte, emakumezkoen kirola omentzeko.

Dafne Triviño kirol zuzendariak eta Maialen Martinez de Marigorta eta Ane Miren Martinez de Lahidalga jokalariek hartu dute kupelak irekitzeko ardura. Txotxa egin baino lehen, sagarrondo bat landatu dute kanpoan.

Sagardogileek azaldu dutenez, uzta "zoragarria" izan da iparraldean, Aramaion. Hegoaldeko herrietan, Trebiñuren kasuan adibidez, izozte berantiarrek min handia egin dute.

Gainera, aurtengo sagardoaren kalitatea nabarmendu dute; izan ere, abuztuan eta irailean izandako prezipitazio leunak oso lagungarriak izan dira. Bestalde, eguzki ordu kopuruak azukre kantitate egokia lortzeko aukera eman du. Eta urriko tenperatura altuek hartzidura azkarra ahalbidetu dute.

Datozen hilabeteetan, edalontziak sagardoz beteko dira azken uztan lortutako 95.000 litroekin; aurrekoan baino 5.000 litro gehiago dira.

Arabako sagardoaren ordezkariak

Lau sagardotegik osatzen dute Arabako sagardotegien mapa. Beteranoenak Iturrieta Sagardotegia (Aramaio), Kuartango Sagardotegia (Kuartango) eta Trebiñu Sagardotegia (Azkartza) dira.

Lehenengo biak Euskal Sagardoa jatorri-deituraren markaren barruan daude, baina Trebiñu Sagardotegiak ez du aukera hori, administratiboki Burgosen dagoelako.

Aramaioko beste sagardotegi batek bat egin du Euskal Sagardoa markarekin: Mendibitzu Sagardotegia.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide