Bergantzun, Zabalaten, Ozion eta Zanbranan bizi diren adinekoen bizi-kalitatea hobetzeko Udalak martxan jarri duen programa saritu du Eusko Jaurlaritzak. Zahartzea ez da bizi-kalitatea galtzea lemarekin abiatu zuen Udalak 2018. urteko irailean Araban aitzindaria den egitasmoa eta adinekoak herrietan finkatzen lagunduko duena.
Aste honetan bertan jaso dute Euskadiko Udalerri Lagunkoien Jardunbide Egokien Saria. Eusko Jaurlaritzak ematen duen saria da, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren bitartez, eta zahartze aktiborako programak saritzea du xede.
65 urtetik gorakoa da Zanbranako laurehun biztanletik %35a, eta Udalak big data-ren teknikak baliatzen dituen zahartze aktiboko programa batean murgildu ditu udalerriko helduak, haien beharrak osasun-arloan eta arlo sozialean aztertu eta gero. "Ez dugu kea asmatu", esan du Zanbranako alkate Aitor Abeziak; eta azaldu du, gainerako Arabako herri askotan bezala, oso biztanleria zahartuta dagoela Zanbranan ere, baina bizitza gehiago luzatzeak ez duela ekarri bizi-kalitate hobeagoa.
"Gure kasuan, –azaldu du Abeziak– adinekoen arazoa despopulazioarekin lotuta dago erabat. Landa eremuan bizi diren lehengo gazteek oso lotura berezia dute etxebizitzarekin, familiarena delako eta bertan jaio eta hil direlako haien gurasoak eta aitona-amonak ere. Beraz, oso zaila da etxetik mugiaraztea, baina menpeko bihurtzen direnean hiri handietara joatea beste erremediorik ez dute, zerbitzu guztiak bertan daudelako".
Ikuspuntu integrala
Hartara, menpekotasun egoera horretara iritsi baino lehen, ahalik eta baliabide gehien jartzea erabaki zuen Udalak: "Pertsona helduen bizi-kalitatea hobetuz, herrietan denbora gehiago geratu daitezke bizitzen". Lantalde bat sortu dute programa hori lantzeko eta ikuspuntu integral batetik –arlo sozialetik eta osasun arlotik– arazoari heltzeko. Horretan parte hartzen dute kultura teknikariak, erizainak, medikuak, gizarte langileak, berdintasun teknikariak eta alkateak berak, koordinatzaile bezala.
Depresioak jota
Diagnostiko bat egin dute, eta bizilagunen gaitz nagusiak atzeman dituzte horri esker. Fisikoen artean daude pixa-galerak, memoria hutsuneak eta motrizitate arazoak; eta arlo sozialean, bakartasuna da nagusi, batik bat neguan eta emakumezkoen artean. "Gizonak tabernan biltzen dira, baina emakumeek ez dute ohitura, zaharren artean gaizki ikusita dagoelako oraindik emakumeak tabernan sartzea; hortaz, bakarrik geratzen dira etxean, telebistarekin eta irratiarekin, eta depresio kasu batzuk atzeman genituen", nabarmendu du Aitor Abezia alkateak.
"Emakumeak bakarrik geratzen dira etxean eta depresio kasu batzuk atzeman ditugu"
Egoera horri aurre egiteko neurriak hartzeko orduan, topaleku bat sortzea izan zen lehen urratsa. Astearteetan eta ostiraletan joaten dira ahal dutenak, inolako konpromisorik gabe. Hasiera batean, programa aurretik erabakita eraman zuten, baina egun erabiltzaileek aukeratzen dute zer egin nahi duten. "Denetarik egiten dugu, sukalde-tailerrak, hitzaldiak, yoga, irteera kulturalak, gure udalerria ezagutzen ari gara…". Hamabi bat lagunen talde finkoa dago, eta jardueraren arabera jende gehiago batzen da horietara.
Aisialdiko programarekin batera, estimulazio fisikoaren eta kognitiboaren tailerrak garatzen ari dira, medikuak pertsona bakoitzari ezarritakoaren arabera."Zortzi lagunek parte hartzen dute talde bakoitzean, talde txikiak dira adineko bakoitzak dituen gaitzak arintzera zuzenduta daudelako".