Iruña Okako udalbatzak elkarretaratze isila deitu du gaur, udaletxearen aurrean, 18:00etan, eta herritarrak animatu ditu mobilizazio horretan parte hartzera. Goizean, adierazpen instituzionala onartu dute udal talde politiko guztiek, aho batez, Gabon Zaharrean Udalak berak antolatu zuen kotilioian hiru emakumek jasan zituzten eraso matxistak salatzeko: "Horrelako eraso sexistak gure gizartearen esparru guztietan gertatzen den egiturazko indarkeria matxistaren beste isla bat dira. Emakumeen aurka erabiltzen den indarkeria emakumeen duintasunaren, osotasun fisikoaren eta moralaren aurkako eraso larria da, emakumeen giza eskubideen urraketa larria hain zuzen".
Eraso matxistaren biktimei babesa adierazteaz gainera, Udalak erabaki du Iruña Okako hiru bizilagunak "zaintzeko eta defendatzeko" akusazio partikular gisa azalduko dela prozedura judizialean. Era berean, dagokion administrazioari eskatu dio "erasotzailea edo erasotzaileak espetxe-funtzionarioen kidegokoak direla baieztatzen bada, dagozkion erantzukizunak argitu daitezela". Halaber, Udalak adierazi du ez dutela erasotzailea udalerrian nahi, eta eskatu du "beste udalerri batera lekualdatzeko".
Udalak herritarrei eskatu die inolako eraso sexistaren konplize ez izateko eta indarkeria matxistaren edozein adierazpenen aurrean jarrera aktiboa izateko. "Gogoratu guztion ardura dela, gure eragin-esparruetatik, indarkeria desagerrarazteko borroka egitea, denoi eragiten digun gizarte-arazoa baita".