ondarea

Quejoko erlategi ikusgarria babestuko du Gaubeako Udalak

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2020ko urt. 3a, 08:00

Desagertzeko arriskuan dago zutikako enbor-erlauntzen Arabako bilduma bakarrenetakoa.

Hirurogei pieza inguru daude eta antzoki baten itxura du erlategiak. Enborren aurrealdeek erleak sartu eta irteteko zuloak dauzkate eta erlauntz bakoitzak, goiko estalkiaz gainera, bisera babesle bat ere badu, teila arabiarrez egindakoa. EH Bilduk Gaubeako azken udalbatzan aurkeztu duen mozioaren arabera, arriskuan egon daiteke Arabako antzinako erlategien adibiderik bakarrenetakoa, Quejoko erletxe ikusgarria. Hartara, talde abertzaleak eskatu bezala, udalbatzak aho batez onartu du udalerriko ondare historikoa eta etnografikoa berreskuratzeko ikerketa-plan bat martxan jartzea, eta gainerako administrazioak plan horretan sartzeko lanean hastea. 

Guztira, hamalau erlategi katalogatu zituzten, 2008. urtean, Añanako Kuadrillako ondare arkitektonikoari buruz egindako argitarapenean Victorino Palaciosek eta Jose Rodriguezek. Horietako gehienak Gaubean eta Kuartangon aurkitu zituzten, baina gehienak desegindak, abandonatuak edo beste zereginetarako erabiliak. Tradizioz, barrutik hustutako enbor horiek baliatu izan dira erlauntzetarako, zurezko kutxen edo beira-zuntzezko etxetxoen aurretik. Enbor huts horiek zutik nahiz etzanda ipini ohi ziren. Zutikako enbor-erlauntzen adibide onena eta ia bakarra da Quejoko azpiegitura.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide