Ostatu turistiko bat eraikitzen ari dira Gesaltza-Añanan

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019ko abe. 21a, 06:00
Obrak hasi dira ostatua eraikitzeko Gesaltza Añanan. ALEA

Laster aterpetxearen eraikinaren estalkia botako dute, eta udarako zabalduko dute.

Gesaltza-Añanan bazkaldu edota gaua eman nahi duen turistak aukera izango du uztailetik aurrera. Izan ere, Gatzaga gatzagatarren elkartea ostatua eraikitzen ari da, Miguel Diaz de Tuesta plazan bertan. Valentin Angulo elkarteko presidenteak azaldu duenez, duela bi urte baino gehiago martxan jarri zuten proiektua, orubea erosi zutenean; ordurarte, bertan hiru etxebizitza txiki zeuden. Tramite burokratiko luzeen ondoren, Ibarquitectura enpresako Natxo Ibarrondoren proiektu arkitektonikoan oinarritutako ostatua udarako zabaldu nahi dute.

Europan izaera turistikoa duten mota honetako ostatuak aztertu ondoren erabaki zuen Gatzaga elkarteak egitasmoa martxan jartzea. Modu horretan, arrazoizko prezioan, besteak beste, Gatz Haranaren baliabideak ezagutzeko aukera izango dute bezeroek; halaber, logela pribatuak, kolektiboak eta ezinduentzat egokituak izango ditu.

Herria bera dinamizatzen lagundu dezakeela uste du Gatzaga elkarteak.

Horrez gain, terrazadun kafetegi bat eta  jatetxe bat ere hartuko ditu eraikinak. Bisitariak herrira erakartzeaz gain, aterpetxea erdigunean topaleku batez gozatzeko aukera emango die Gesaltza-Añanako herritarrei. Elkarteko kideek adierazi dutenez, aterpetxeak pizgarri turistiko gisa ez ezik, herria bera dinamizatzen ere lagundu dezake.

Eraikinaren barrualdea egurrezkoa izango da. Beheko solairuan, aterpeko harrera, garbitegia, itxarongela eta sukaldea jarriko dituzte, hozkailuekin eta despentsekin. Solairu horren gainean kafetegia jarriko dute, mahaiekin; eta hirugarren altueran, berriz, gelak jarriko dituzte. Teilatupean, apartamentu bat egitea aurreikusi dute, eraikinaren ardura duten pertsonentzat. Valentin Angulok azaldu duenez, zerbitzuei behar bezala erantzuteko, zazpi lanpostu sortuko dira. Asmoa da hurbilekoei ekimen honetan inplikatzeko aukera ematea, inbertsioa herriko eta inguruko bizilagunengana bideratu dadin saiatuz.

Gatzaga elkarteak adierazi du higiezinaren proiektuak gutxi gorabehera 800.000 euroko kostua izango duela. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide