Abenduan zehar ospatuko dituzte Añanako Kuadrillako udalerri desberdinetan Euskararen Egunarekin loturiko ekitaldiak. Igande honetan hasiko dira ospakizunak, abenduaren 1ean, Gaubean egiten den tokiko ekoizleen merkatu tradizionalarekin; eta abenduaren 22an itxiko dute egitaraua, Berantevillan.
Judimendiko Joaldunen Taldearen bisita izango dute gaubearrek abenduaren 1ean. 12:00etatik aurrera, sei urtetik gorako haurrentzat, joaldunen tailerra egingo dute Uribarri Gaubeako liburutegian; eta ordu erdi beranduago joaldunen kalejira hasiko da herriko frontoitik. Egun berezia izan ohi da, gainera, abenduko lehen igandea Uribarri Gaubean; izan ere, hilabetero haraneko tokiko ekoizleek eta artisauek antolatzen duten merkatura gonbidatu gehiago eta jarduera osagarriak eramaten dituzte.
Hurrengo geraldia abenduaren 3an dute, asteartean; egun horretan aurreikusita dute eskualdeko ikastetxeetan eta haur-eskoletan Euskararen Egunarekin batera hainbat ekitaldi eta tailer antolatzea. Abenduaren 4an, berriz, Ribabellosako gizarte-etxe berdean haurrentzako Zikoinak pelikula proiektatuko dute.
'Harriek kontatu didatena'
Abenduaren 13an, ostiralean, berriz, Uribarri Gaubeako liburutegian hitzordu bikoitza dute aurreikusita. Izan ere, Eus-Karria irakurle kluba bilduko da, 18:00etatik aurrera, Goizalde Landabaso eta Garazi Goia idazleen 1.365 kilometro euri liburuaren inguruan solasteko, eta ondoren, 19:00etan, toki berean Ane Gebara ipuin-kontalariak Harriek kontatu didatena gazte eta helduentzako narrazio saioa aurkeztuko du.
Literaturarekin batera, zinema euskaraz gozatzeko aukera ere izango dute Añanako Kuadrillan; izan ere, abenduaren 18an, Berantevillako Erlojuaren Etxean, euskarazko filma proiektatuko dute 18:00etan, familia osoari zuzenduta.
Euskararen Jaia Berantevillan
Gabonetako jaiak hasi aurretik azken asteburuan, Espejo eta Berantevilla artean banatuko dira ekitaldiak. Hala, larunbatean, abenduaren 21ean, Espejoko gizarte etxean, Oskar Ezkerro gasteiztarra gonbidatu dute Atacamako basamortuan bizikletaz egin duen bidaiari buruz hitz egiteko. 19:00etan hasiko da proiekzioa eta mahai-ingurua.
Igandean, berriz, abenduaren 22an, Euskaren Jaia antolatu dute Berantevillan, goizetik. Buztigintza lantegia egongo da haurrentzat, 12:00etatik, Eskola Zaharretan; eta 14:00etatik aurrera talo tailerra eta Dantza Plaza saioa ere, frontoian edo herriko plazan, eguraldiaren arabera.
Eus-Karria irakurketa taldea sortu dute
Euskaraldiarekin batera sortu zen ideia, eta hortik abiatuta lehenbiziko hitzordua jarri zuten iragan irailean. Gaubeako haranari berari ere izena eman dion Karria edo Gobea haitzaren izena maileguz hartu dute irakurketa taldea bataiatzeko; Eus-Karria da hamabost bat lagunek osatzen duten Añanako eta Gaubeako lehen euskarazko irakurketa taldea. Modu horretan, espazio propio bat sortu dute eskualdeko euskaldunek hizkuntza eta literatura ezagupenak zabaltzeko. Gainera, eztabaida eta ideien trukaketa ere sustatzen dute, eta ez dute baztertzen bestelako ekimenak antolatzea. Irakurketaren zaletasuna zabaltzea da mundu osoan antolatzen diren irakurketa taldeen helburu nagusia; eta Euskal Herrian, askotan, horrelako klubak euskaraz irakurtzeko zabaltzen dira, jakinez pertsona askori zaila gertatzen zaiola hizkuntza horretan irakurtzea, eta Añanako kasuan, gainera, oso aukera gutxi dagoela euskaraz hitz egiteko.