Añanako X. Jardunaldi Gastronomikoak, eskualdeko zaporeez blai

Erredakzioa 2019ko aza. 19a, 12:21
Bertako produktuak, Añanako X. Jardunaldi Gastronomikoen protagonista. / Argazkiak: AFA

Añanako Kuadrillak X. Jardunaldi Gastronomikoak egingo ditu asteburu honetan, azaroaren 23an eta 24an, 0KM-ko produktuak nabarmendu eta eskualdeko ekoizleek egiten duten lana ezagutarazteko helburuarekin.

Añanako produktuak eta bertako jatetxeetako proposamenak ezagutzeko eskualdeko produktuekin egindako menu eta pintxo bereziak, lantegiak, bisitaldiak eta jarduera herrikoiak antolatu dituzte Zaporeez blaitu lelopean.

Cristina Gonzalez Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko foru diputatuak eta Javier Uriarte Añanako Kuadrillako lehendakariak eskualdeko enpresa, produktore eta jatetxeen lankidetzarekin sortutako eta "publiko guztiei" zuzendutako gastronomia eta aisialdi eskaintza aurkeztu zuten atzo. Slow Food Araba egitasmoaren lankidetza ere izan dute.

Hitzordua aukera aparta izango da eskualdera hurbildu eta, bertako produktu eta jatetxeez ez ezik, ondare eta naturaz gozatzeko. Besteak beste, Santa Katalinako lorategi botanikoa, Iruña Veleia herri erromatarra, Gatz Harana, Varonatarren Dorretxea, Valderejoko parke naturala edo Caicedo Yusoko aintzira aipatu ditu foru diputatu Cristina Gonzalezek.

 

Menu bereziak eskainiko dituzten jatetxeak honako hauek izango dira: Arasur (Ribabellosa), Badaia Taberna (Mandaita), El Viso (Estavillo), La Kabaña (Espejo), Margara (Langraiz Oka), Merendero Rosa (Langraiz Oka) eta Palacio de Añana (Gesaltza Añana). 

Bestalde, pintxo bereziak eskainiko dituztenak ere badira: Angostoko kanpina (Villanañe), Txoriarte Coto el Castillo (Santa Cruz del Fierro), Kuartango Sagardotegia (Kuartango), Meson Valderejo (Lalastra) eta Bovedako gizarte etxea.

Bertako produktuak erdigunera

Azaroaren 23an, larunbatean, Sobrongo Uraren Museoan Nagore Lazaro nutrizionistak eskualdeko produktuetan oinarritutako elikadura osasuntsua ardatz izango duen lantegi familiarra gidatuko du.

Larunbatean ere, Era erraz, osasuntsu eta ekologikoan jatea lelopean, bisita gidatua egingo da Ekotarrikora (Kuartango). Tokiko lehengaiak, produktu ekologikoak eta gehigarririk eta glutenik gabekoak erabiliz artisau moduan platerak prestatzen dituen kontserba-kooperatiba da Ekotarriko.

Egun berean, Euskaber Oraa (Espejo) arrautzak ekoizten dituen baserria ezagutzeko aukera egongo da, ipuin kontalari baten eskutik.

Igandearekin batera, azaroaren 24an, irteera mikologiko gidatua egingo dute Langraiz Okatik, perretxikoak eta onddoak ezagutzen ikasteko, espezie jangarriak bereizteko eta nola aurkitu eta nola bildu ikasteko. Horrekin batera, zenbait errezeta ikasteko aukera ere egongo da.

Azkenik, X. Jardunaldi Gastronomikoak ixteko, bisita gidatua egingo dute Gatz Haranera eta Añanako gatz mota desberdinak dastatuko dira. Izan ere, Gesaltza Añanako gatza "munduko gatzik onenetariko bat" badela azpimarratu dute antolatzaileak. Azken hitzordu hori, beraz, ezin zitekeen egitarautik kanpo gelditu.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide