Haserrea agertu du Diputazioak Lantarongo akuiferoaren isurketan neurririk hartu ez delako

Erredakzioa 2019ko aza. 6a, 17:07
General Quimica enpresak kutsatu ditu Lantarongo lurrak. AFA

EH Bilduk Batzar Nagusietan egindako interpelazioari erantzunez, Nekazaritza diputatuak azaldu du 2011n General Quimicak kutsatutako lurrak ez direla lehengoratu eta nekazariek ez dutela kalte-ordainik jaso.

Zortzi urte igaro dira Lantarongo industrialdean kokatuta dagoen General Quimica enpresak akuiferoa kutsatu zuenetik. Hautsita zuen hodi-biltzaile batetik osagai kimikoak bota zituen Zubillagako azpiko uretara, eta 70 hektarea inguru nekazaritza lur kutsatu zituen. EH Bilduk Arabako Batzar Nagusietara eraman du gaur inguruko nekazarien ezinegona, izan ere kutsatutako lurren jabeek diote isurien arazoa ez dela konpondu, enpresak ez dituela lurrak garbitu eta osagai kimiko kutsakorrak daudela akuiferoan.

"Babesgabe sentitzen dira -esan du Kike Fernandez de Pinedok–; ez dute kalte-ordainik jaso eta ez dute inolako informaziorik deskontaminazio programari buruz. Gainera, arazoa konponduta dagoen segurtasunik ez dago". 

Arazoa, bere horretan

Arabako Nekazaritza diputatu Eduardo Aginakok erantzun dio EH Bilduk egindako interpelazioari. Aginakok berretsi du arazoak bere horretan jarraitzen duela. Azaldu duenez, 2011. urtetik, hainbat neurri hartu ditu General Quimica enpresak isuriak ekiditeko, baina ez da nahikoa izan. "Ez dituzte nekazariei egindako kalteak ordaindu, kutsadura arazoak laboreei eragiten die oraindik, eta gainera, beste motako nekazaritza ereduak zabaltzea oztopatzen du, labore ekologikoa kasu". 

Hala, General Quimicak Lantarongo lurretan deskontaminazio programa lehenbailehen martxan jartzeko bitartekari lana egiteko asmoa agertu du Aginakok. Azaldu duenez, inguruko nekazariek ez dute baimenik eman nahi programa hori martxan jartzeko, eta modu horretan enpresak blokeatuta du egitasmoa. "Mesfidantza handia dago enpresarekin, eta Diputazioak horretan bitartekari lanak egin ditzake".

Urari kritikak

General Quimicarekin ez ezik, haserre agertu da Nekazaritza diputatua Ura Agentziarekin eta Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen sailarekin. "Kolaborazio falta" leporatu die, Lantarongo nekazariek eta Komunioiko Batzar Administratiboak Ebroko ibaiertzak garbitzeko eskatu dituzten baimenak ukatzeagatik. "Diputazioak URAri eskatu dio ibaiertzak garbitzeko baimena emateko, modu horretan isuriaren ondorioak arindu daitezkeelako, uraren joan-etorria erraztuz, eta uholdeak ekidituz". 

Halere, Aginakok ohartarazi du, txosten teknikoen arabera, Lantarongo lurraren kutsadurak ez duela eraginik izan elikagaietan; "baina kezkatuta jarraitzen dugu". Horrenbestez, Elika Fundazioari eskatu dio Diputazioak urtero bertako laboreen gaineko analisia egiteko, kutsadura mantentzen den bitartean.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide