Gaubeako Udalak eskalada egiteko guneak arautuko ditu, kirol jarduera hori eta ondare naturalaren eta historikoaren babesa bateragarri egiteko. EH Bilduk azken udalbatzan aurkeztu duen mozioa onartu ostean, Udalak neurriak hartuko ditu San Martin de Valparaison eta San Pedroko haitzean aspaldi zabaldutako eskalada guneetan, eta Bachicabon kirolariak erabiltzen ari diren zonalde batean. Halaber, toki gehiago babestu beharra dagoen aztertuko du Udalak.
EH Bilduren mozioan gogoratu dutenez, bere garaian, San Martin de Valparaisoko eta San Pedro haitzaren inguruan arazoak egon ziren, "eskaladaren erregulazio faltagatik". EAEko Interes Bereziko Eremu Naturala da Valparaiso, eta gainera, X. mendeko nekropoliaren eta ermitaren aztarnak daude bertan. San Pedron, berriz, Burdin Aroko muino harresituta dago, eta ermita eta nekropoli bat ere.
Udalak gutxieneko muga batzuk ezarri zituen aspaldi, batik bat autoak sartzeko debekua ezarriz, eta orain, asmoa da erregulazio hori "berrikustea". Halaber, ondare historikoa nabarmentzeko informazio-taulak eta seinaleak jarriko dira. Ildo beretik, Bachicabo bezalako gune berrietan, azken urteetan eskalada egiteko zabaldu diren bide berrien erabilera arautuko dute, "kirolaren praktika herrietako jendearen bizimoduarekin eta ondarearen babesarekin bateragarri egiteko".
Autokarabanak
Bestalde, astebururo autokarabanan edo furgonetan Gaubeara hurbiltzen diren eskalatzaileen eta mendizaleen gaua emateko beharra asetzeko, aparkatzeko gune bat egokituko du Udalak Uribarri Gaubean, kiroldegiaren inguruan. Udalbatzak onarturiko EH Bilduren mozioaren arabera, ibilgailuen deposituak husteko eta betetzeko zonalde bat izango du gune berriak, baita elektrizitatea eta komunak ere. Aztertzeke dago eremua libre erabili ahal izango duten bisitariek edo "kuota txiki" bat ordaindu beharko duten. Orain arte, Uribarri Gaubeara gaua pasatzera hurbildu diren autokarabanak igerilekuaren zerbitzuak erabiltzeko aukera zuten bakarrik.