Institutua, gero eta urrunago

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019ko urr. 2a, 14:09

Protesta egiten ari dira Ribabellosako gurasoak, egunero. ALEA

Ribabellosako gazteak Langraiz Okako institutura eramaten duen autobus linea birmoldatu du Hezkuntza sailak; joan-etorria ordu erdi batean egitetik ordu batean egitera pasatu dira ikasleak.

Bi autobus lineatan joaten dira egunero gazteak Ribabellosatik eta inguruko herri txikietatik Langraiz Okako institutura. Herri txikietan gazteak jasotzen dituen autobusak ordu bete baino gehiago behar zuela ohartu zen Hezkuntza saila, ikasturte hasieran; eta zerbitzuak birmoldatzea erabaki zuen, legez debekatuta baitago ikasleak ordubete baino gehiago joan-etorrian ematea. Orain, herri txikiak zeharkatzen dituen autobus lineak ordubete eskas behar du Langraiz Okara iristeko; baina Ribabellosatik zuzenean ordu erdi batean joaten zen linea hainbat herritan sartu behar da, eta ordubete behar du joan-etorria egiteko. 

Ribabellosako gurasoak sutan jarri dira. "Zortzi ikasle garraiatzen duen autobus baten arazoa konpondu beharrean, zonaldeko ikasle guztiei jarri digute arazoa, 59 laguni", esan du Laura Torresek gurasoen izenean. 

Joan-etorrian denbora gehiago emateaz gainera, errepide arriskutsuagoak dira zeharkatu behar dituenak orain Ribabellosako autobusak. "Ordu erdi gehiago ematen dute autobusean, eta gainera, neguan, arazo gehiago izango ditugu bigarren mailako errepideetan, elurrarekin, izotzarekin… Arriskutsuagoa da orain bidaia gure umeentzat".

Taxiaren aukera

Konponbideak Hezkuntza sailak bilatu behar dituela uste dute gurasoek, baina "gauzak nola funtzionatzen duten" jakinik, haien partetik eta Añanako Kuadrillarekin elkarlanean, balizko konponbide bat aurkeztu diote Hezkuntza sailari. Hain zuzen, taxi bat kontratatzea Estavilloko eta Añastroko gazteak institutura eramateko. Modu horretan, Ribabellosakoak zuzenean joan ahal izango dira institutura; eta Melledes, Manzanos, Antezana de la Ribera, Estavillo eta Añastro zeharkatzen dituen autobus linea  bitan banatuko da. "Joan-etorriak 40 minutuan egin daitezke eta aurrekontua oso gutxi igo beharko da".

Añanako Kuadrillak dagoeneko bidali dio proposamena Hezkuntza sailari, eta erantzunaren zain dago. Halaber, administrazio desberdinekin eta eskualdeko ikastetxeekin hitz egiten ari dira Ribabellosako gurasoak arazoa behingoz konpontzeko. "Pazientzia eskatu digu Hezkuntza sailak, ikertzen ari direla gaia eta aurrekontua egokitu behar dutela arazoa konpontzeko". Bitartean, Ribabellosako gurasoak eta ikasleak, goizero, autobusa hartzen dutenean, protesta moduan, kartelak eramaten dituzte eta autobusaren irteera oztopatzen dute minutu batzuk.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide