Lantarongo EAJko alkatea da Añanako Kuadrillako lehendakari berria

Erredakzioa 2019ko ira. 26a, 17:00
Javier Uriarte eskuinean eta Amado Martinez de Iturrate ezkerrean; erdian Pilar Garcia de Salazar diputatu nagusiordea. AFA

Ribera Baja Bizirik talde independentearen eleduna Amado Martinez de Iturrate aukeratu dute lehendakariordea.

Lantarongo EAJko alkate Javier Uriarte aukeratu dute Añanako Kuadrillako lehendakari, eta Amado Martinez de Iturrate, Ribera Baja Bizirik talde independentearen eleduna, izango da lehendakariordea. EAJren botoei esker aurrera egin zuen Uriarteren hautagaitzak, asteazkenean arratsaldean, Ribabellosan egin zuten Kuadrillako lehen batzarrean. Martinez de Iturrate, berriz, EH Bilduren eta Zanbranako zein Berantevillako independenteen botoei esker izendatu zuten lehendakariordea.

Aurreko legegintzaldian, Kuartangoko alkate Edu Fernandez de Pinedo izan zen Añanako Kuadrillako lehendakaria, baina azken udal hauteskundeetan boto berdinketa jazo zen EH Bilduren eta EAJren artean Kuartangon, eta Kuadrillako ordezkaritza  EH Bilduri egokitu zitzaion. Horrenbestez, kanpoan geratu zen Fernandez de Pinedo.

Bestetik, lehenbiziko aldia da Añanako Kuadrillako lehendakariordetza talde independente baten zinegotziak okupatzen duela; eta horren harira, Ribera Baja Bizirik taldeak azpimarratu du Martinez de Iturrateren izendapena Añanako Kuadrillan eta landa eremuan ematen ari den "aldaketaren isla" dela, eta herrietan jendea gero eta gehiago biltzen ari dela "proiektu txikiak aurrera eramateko, eta landa eremuko arazoei irtenbide bat emateko". Gainera, Arabako Haranetako AHTrik Ez plataformak ere txalotu du Martinez de Iturrateren izendapena, "Añanako haranak zeharkatzen eta txikitzen dituen Abiadura Handiko Trenaren kontra agertu den pertsona delako".

Kuadrilla gehiago

Hurrengo asteetan gainerako eskualdeen erakundeen osaketa egingo dute. Hala, irailaren 30ean aurreikusita dago Arabako Mendialdeko Kuadrillako lehendakaria eta lehendakariordeak aukeratzea, urriaren 2an Lautadako Kuadrillakoak, hurrengo egunean Aiarakoak; eta urriaren 8an Gorbeialdean eta 10ean Arabako Errioxan egingo dituzte batzarrak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide