Zinema, bakardadea arintzeko

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019ko ira. 22a, 06:00
Gaubeako edadetuak babestu nahi ditu Udalak. ALEA

Ostegunetan Zinemara programa martxan jarriko du Gaubeako Udalak urritik martxorarte, haraneko adinekoek aukera izan dezatela neguko hilabeteetan ere elkarrekin egoteko eta entretenitzeko. 

Adineko bizilagunak etxetik ateratzeko eta bakarrik sentitu ez daitezen, zinema programa zabala martxan jarri du Gaubeako Udalak. Ostegunetan Zinemara bataiatu dute ekimena, eta urritik martxorarte udaletxeko zinema-areto berrira eraman nahi dituzte Gaubeako beteranoak, arratsaldez, bi emanalditan. Gainera, filmaren inguruan solasteko aukera izango dute ikus-entzuleek, kafetxo baten bueltan.

Juan Carlos Garcia Escudero herriko alkateak nabarmendu duenez, asmoa da pelikulak ikusteaz gainera bailarako adineko jendeak aukera izatea  elkarrekin egoteko eta hitz egiteko: "Are gehiago negu gorrian, hotza hasten denean eta goiz iluntzen duenean, oso aukera gutxi izaten baitute elkartzeko".

"Badakigu udaberriak eta udak pena guztiak eramaten dituztela, baina neguan bakardadeak min handia egiten du"

Izan ere, Gaubean gehienbat adineko jendea bizi da –herenak baino gehiagok 65 urte edo gehiago dituzte–, eta 26 herri txiki daude udalerrian, oso sakabanatuta. Escuderok azaldu duenez, batik bat pelikula klasikoak proiektatuko dituzte Ostegunetan Zinemara programan, adinekoen gustukoak hain zuzen. "Badakigu udaberriak eta udak pena guztiak eramaten dituztela, baina neguan bakardadeak min handia egiten du, eta gure zaharrek urteko hilabeterik tristerik eta hotzenetan ere pozik egotea nahi dugu", esan du. 

Zinema-areto berria

Proiekzioak Gaubeako udaletxeko batzar aretoan egokitu duten zinema-areto berrian egingo dituzte. Batzar aretoa zinema-aretoa bezala erabili ahal izateko inbertsioa onartu zuen Udalak apirilean. Modu horretan, 35.000 eurotik gora euro inbertitu dituzte hamabi metro koadroko pantaila, proiektorea eta soinu-ekipoa erosteko, eta berrogeita bost eserleku jarri dituzte aretoan.

 Hurrengo larunbatean, irailaren 28an, inauguratuko dute areto berria, La reina de ¡frica filmaren proiekzioarekin.

Laguntza gehiago

Zinema proiekzioak ez dira, ordea, herriko adinekoak babesteko eta laguntzeko abian jarri duten modu bakarra. Izan ere, aurten bakartasunean laguntzeko zerbitzu berezia ere martxan jarri dute Udalak eta Eusko Jaurlaritzak diruz lagunduta, eta Gaubeako Enpresarien Elkarteak kudeatzen duena.

"Ez dugu nahi adineko jendea etxean bakartuta egotea, horregatik sortu dugu bakartasunean laguntzeko zerbitzu bat, zinemaren proiekzioen denbora tarte berean, alegia, urriaren hasieratik martxoaren amaiera arte". 

Udalerriko adineko pertsonak laguntzeko eta babesteko zerbitzu horri esker, pertsona bat kontratatuko dute 65 urtetik gorako bizilagunak artatuko dituena eta haientzat zuzendutako jarduerak antolatuko dituena. Hurrengo asteetan gutuna bidaliko diete haraneko erabiltzaileei –300 bizilagunek dituzte 65 urtetik gora eta horietatik 150 inguru 80 urtetik gora–, eta horretan ohartaraziko diete izena eman dezaketela laguntza zerbitzuan.

Hala, zerbitzuaren arduraduna, astero edo hamabostean behin, haiekin harremanetan jarriko da ondo dauden ziurtatzeko eta edozer gauza behar baldin badute jakiteko. Halaber, batik bat neguari begira, hainbat jarduera martxan jartzeko asmoa dute, Gaubeako herri txiki gehienetan soilik hiru edo lau biztanle geratzen baitira eta entretenitzeko aukerak murrizten dira adineko jendearentzat. "Baratzeko lana amaitzen denean eta egunak motzagoak direnean ez dute alternatibarik", esan du alkateak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide