Zanbranako liburutegia itxi eta liburuak edukiontzira bota dituztela salatu du EAJk

Edukiontzi bat bete dute liburuekin. /Zanbranako EAJ

Aitor Abezia alkateak aitortu du hainbat liburu bota dituztela, Eusko Jaurlaritzaren Liburutegien Sarearekin hitz egin ondoren egindako hautaketa eta gero.

Zanbranako EAJk Facebook bidez salatu du Udalak liburutegia "itxi" egin duela, eta dozenaka liburu papera eta kartoia biltzeko edukiontzira bota dituela: "Ez dakigu zenbat liburu diren, baina eskandalua izan da, eta bizilagunek edukiontzitik salbatu dituzte liburu asko". Jelkideek nabarmendu dutenez, liburutegia antolatzeko jaso diren diru-laguntzak, donazioak, bekak eta hitzarmenak "zaborrera" bota ditu Udalak. EAJren esanetan, gainera, Zanbranako alkatearen "azken zentzugabekeria" medio, sei milatik gora liburu desagertu dira betirako herriko liburutegitik.

Aitor Abezia alkateak, bere aldetik, ALEAri aitortu dio hamabi urtez itxita egon den liburutegia "garbitu" behar izan dutela, bertan herriko kontsultategia kokatu ahal izateko. Azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzaren Liburutegien Sarearekin hitz egin ostean, liburutegiko fondoen aukeraketa bat egin dute, eta "balioa" duten liburuak banatu dituzte: "Ribabellosako Unamunzaga ikastetxera berrogeitik gora kutxa liburu bideratu ditugu, eta Haroko Caritasera eta Logroñoko Umeen Ospitalera beste hainbat kutxa". Aldiz, "baliorik gabeko" liburuak edukiontzira bota dituzte. "Edukiontzi bat bete dugu, gutxi gorabehera", aitortu du Abeziak. 

"Liburutegia hamabi urtez egon da funtzionatu gabe, inork erabiltzen ez zuelako saiatu gara hainbat aldiz biziberritzen baina ez dugu lortu. Lokal hori osasun-etxea kokatzeko behar genuen, iragan ekainean kontsultategian egitura-arazo larriak atzeman genituelako, eta Osakidetzak medikua Ribabellosara bidali nahi zuen. Liburutegiaren lokala zen baldintza guztiak betetzen zituen bakarra".

Alkateak esan duenez, Zanbranako Udalarena ez da salbuespena, normala omen baita liburutegiak eta artxiboak noizean behin garbitzea, "baliorik gabeko fondo ugari biltzen direnean". Gaineratu duenez, egindakoaren inguruko azalpenak eman ditu Udalak herrian, eta EAJren salaketa "azken hauteskundeen emaitzak ez dituelako gainditu" etorri da.

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide