Gaubeako Horno de Tuesta enpresako langileek errekurtsoa aurkeztu dute, epaitegiak kalera botatzeko espedientea baliorik gabe utz dezan. Langileek diotenez, "enpresa hiltzen utzi dute" jabeek, Arabako produkzioa Salamancan duten Dulca lantegira eramateko. Espedientearen atzean "kudeaketa txarra" ezkutatu nahi dela azaldu dute, gainera. Jose Maria San Segundo langileen ordezkari sindikalak nabarmendu duenez, "antolatutako itxiera" izan da.
Epaitegiak enplegua azkentzeko espedientea atzera botaz gero, langileek jasoko dituzten kalte-ordainak handiagoak izango lirateke; enpresari arrazoia ematen baldin badiote, ordea, urte bakoitzeko hogei egun kobratuko lituzkete soilik. Apiriletik daramatzate soldata kobratu gabe Horno de Tuestako 59 beharginek, eta hilabetearen hasieran jakin zuten Arabako planta itxiko zuela enpresak.
Produkzioaren lekualdatzea frogatzeko epaitegietan aurkeztu duten dokumentazioan jasotzen da, esate baterako, Salamancako Dulca enpresan egindako produktuak Horno de Tuestako etiketarekin saltzen ari direla orain inguruko supermerkatuetan. Hala, Ribabellosako Eroskiko supermerkatuan horrela egin dute, eta halaber, Miranda de Ebroko (Burgos) hainbat tokitan Salamancan eginiko madalenak saltzen ari dira Horno de Tuestako etiketarekin.
Beraz, epaitegian ez ezik, Arabako Kontsumitzaileen Elkartearen aurrean, Miranda de Ebroko Kontsumitzaileen Elkartean eta Osasun Ministerioaren ordezkaritzan salatu dute gertatutakoa, produktuaren trazabilitateari buruzko legedia urratzen ari direlako.
"Ezkutuko lekualdatzea"
Bere aldetik, EH Bilduk Horno de Tuesta enpresak jasotako diru-laguntzen inguruko informazioa eskatu du Eusko Legebiltzarrean, Arabako Batzar Nagusietan eta Gaubeako Udalean, itxieraren atzean "ezkutuko lekualdatzea" gertatu delako susmoa baitu koalizioak. Halaber, lanpostuen galera saihesteko eta eskualdeko industria poligonoak sustatzeko Diputazioaren Sustapen Ekonomiko sailak hartutako neurrien inguruan galdetu du. "Despopulazioak asko zigortu du Añanako eremu hori eta bertako industria poligonoak ia hutsik daude. Horregatik, gure ustez, Aldundiak jarrera aktiboago bat izan behar du enplegu-hobi bilatzeko orduan eta krisian dauden enpresak laguntzeko orduan".