Lau urte joan dira uholdeek Sobrongo Zubi Zuria hartu eta apurtu zutenetik. 2015. urteko urtarrilean jazo zen ezbeharra eta 2016an erabaki zuen Espainiako Gobernuak "premiazko obra" zela zubi berri bat eraikitzea, Ebroko bi aldeak lotzeko eta GR-99 oinezko ibilbidearen Sobrongo zatia berreskuratzeko. Alta, hainbat arazo medio, lau urtez egon da obra trabatuta. Aurtengo apirilean sartu ziren makinak Sobronen, eta aste honetan jarri dute zubia behar zuen tokian; zuria beharrean gorria da orain.
Iberdrolaren eta Espainiako Gobernuaren Ingurumen Ministerioaren arteko desadostasunek oztopatu dute obra. Izan ere, GR-99 ibilbidearen zati bat Iberdrolaren lurzoruan dago, eta enpresak Ministerioari eman nahi zion lurzoru horren erabilera eta jabetzaren ardura, baina Gobernuak ez zuen ardura hori hartu nahi. Azkenean, epeak luzatzen ari zirela ikusita, Arabako Diputazioak esku hartzea erabaki zuen, eta Iberdrolarekin hitzarmena sinatu du lurzoruak erabili ahal izateko eta obra desblokeatzeko.
Apirilean sartu ziren Tragsa enpresako makinak Sobronen, eta pasa den astetik zubi berria erabilgarri dago. Zubi Zuritik gertu dago gorri koloreko zubi berria, baina toki garaiago batean, uholdeek arazoak eragin ez ditzaten. Modu horretan, GR-99 Ebroko Natura Bidea Arabatik zeharkatzeko aukera dago berriro.