Bilbotik Burgosera A-2625 errepidearen 320. kilometroan dago Bergonda. Errepideek alderik alde banatzen dituzten Euskal Herriko beste ehunka herri bezala, oharkabean pasatzeko sortua egongo balitz bezala bizi da herria. Azken asteetan, ordea, bi pankartek erakartzen dute errepidetik igarotzen diren gidarien arreta: Se mueren los pueblos dio herriko zubiaren ondoan dagoen batek; Queremos y necesitamos transporte a los pueblos dio autobus geltokiaren ondoan kokatutako beste batek. Eta markesinan pintada bat ere ikus daiteke, dagoeneko ezabatu ez badute: +buses -politicos. Protestaren atzean daude inguruko herritarrak, susmoa baitzuten Arabako Foru Aldundiak herrira doazen autobusen zerbitzuak murriztu nahi zituela. Azkenean mehatxua ezertan geratu da, baina pankartek eskegita jarraitzen dute, abisu bezala.
Bada, A-2625 errepidea baino lehen sortua da herria; hain zuzen, 913. urtean lehenbiziko aldiz ageri da antzinako agirietan; gainera, inguruan aurkitu dituzte Brontze eta Burdin aroko aztarnategiak eta Erdi Aroko nekropoli bat. Gainera, 1978. urtera arte udalerria osatu zuen Bergondak Salcedo herriarekin batera, baina urte horretan Lantarongo udalerrira batu ziren.
Ospe handia dute Bergondako hestekiek, eta batik bat odolosteek, zerbaitengatik odolkizale da bertakoen ezizena. Bringas Etxekoek tradizio hori jaso eta mantendu dute azken urte luzeetan, eta odolkiak, txorizoak eta saltxitxoiak egiten dituzte, artisau erara. Itzal handiko harategia da Bringas Añanako Kuadrilla osoan.
Gainera, XIX. mendean, Bergonda ezaguna egin zen bertako ardoen eta likoreengatik, Baranbioko Andres Isasi Zuluetak amaren mahastiak hartu eta Marques de Barambio izeneko likoreen eta ardoen fabrika zabaldu baitzuen. 1898. urtean, Bergondako ardoa Kantauri isurialde osoan saltzen zuten, eta 1904. urtean hasi zen ere Isasi izeneko koñaka merkaturatzen. 1916an sute batek fabrika kiskali zuen, eta Ramirez Escudero familiari saldu ostean desagertu zen marka.
Kuadrilla: Añana.
Udalerria: Lantaron.
Biztanleak: 72 (2018ko Eustaten datuen arabera).
Bitxikeria: XX. mendera arte Bergondako ihauterietan 'kakarroak' ateratzen ziren.