Errefuxiatuentzako harrera zentro bat zabalduko dute Menesianoetan

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019ko uzt. 11a, 10:27
Langraiz Okan Menesianoek duten zentroan izango dira errefuxiatuak. PHOT.OK

70 asilo eskatzailerentzat tokia izango du Langraiz Okako zentroak, eta abuztuan zabalduko dute.

Langraiz Okako Menesianoen eraikinean errefuxiatuentzako harrera zentro bat zabalduko dute abuztuan, 60-70 plazarekin. CEAR Iheslariak Laguntzeko Espainiako Batzordearen esku izango da harrera, eta asiloa eskatu dutenei emango die aterpea, tramiteek iraun bitartean. Araban, Gasteiztik kanpo dagoen mota horretako zentro bakarra izango da.

Proiektua Espainiako Gobernuko Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioaren eta Espainiako Kristauen Eskolen artean erdietsi dute, eta horregatik hain zuzen aukeratu dute Langraiz Okako Menesianoen eraikina aterpetxe berria kokatzeko. Madrilek finantzatuko du zentroa, eta CEAR elkarteko talde batek lagunduko ditu errefuxiatuak.

Bilera udal ordezkariekin

CEAR-Euskadiko arduradun Patricia Barcenak ALEAri azaldu dionez, errefuxiatuak artatzearen inguruko informazioa aztertzeko, Iruña Okako talde politikoekin batzarra egin dute asteon. Horretan izan ziren ere Espainiako Gobernuko Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioaren ordezkari bat eta Menesianoen ikastetxeko arduradunak.

Barcenak argitu duenez, Langraiz Okan aterpe izango duten lagunak "askotarikoak" dira, eta duela gutxi etorri dira: "Espainiara etortzen diren lagun gehienak Hego Amerikatik datoz baina izan daitezke ere Siriatik heldutakoak edota Saharaz hegoaldekoak". 

Behin-behineko egonaldia

Pertsona batek Langraiz Okako zentroan hiru hilabete igaro baditzake ere, irizpide teknikoen eta bere egoeraren arabera, epe hori laburtu edo luzatu ahal izango da. "Plaza bat ematen zaion bitartean egongo da zentroan. Legez, asilo eskatzaileak dira, eta horrenbetez lehenengo sei hilabeteetan ez dute lan egiteko baimenik. Horregatik, bitarteko ekonomikorik ez badute, horrelako zentroetan egoten dira, non oinarrizko beharrak asetuta dituzten". 

Halaber, CEAR elkarteko taldeak lagunduko die ingurua ezagutzen, bizimodu berriari egokitzen eta jatorrizko herrietan jasan dituzten egoera larriak kudeatzen. "Behin betiko kokapenaren zain dauden bitartean asmoa da okupaturik egotea, kultura eta aisialdia jarduerak egitea, esate baterako, eta gero joango dira beste toki batzuetara, hemen Euskadin edo Espainian".

Egonaldia luzatuko balitz, errefuxiatuak erroldatu ahalko dira herrian eta umeak edo gazteak eskolatuko dira bertan. Halaber, Langraiz Okako aterpean dauden bitartean, Eusko Jaurlaritzak osasun txartelak emango dizkie, asilo eskatzaileek doako osasun arreta izateko eskubidea ere baitute.  

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide