Gaubeako historia aztertuko dute larunbatean

Erredakzioa 2019ko eka. 7a, 08:32
Pinedoko eremutar haitzuloak bisitatuko dituzte igandean. E.U.

Udalak eta Euskal Herriko Unibertsitateak antolatuta, hitzaldi sorta izango da goizez eta arratsaldez Uribarri Gaubean.

Udalak eta Euskal Herriko Unibertsitateak Gaubeako historiaren inguruko hitzaldi sorta antolatu dute larunbatean, ekainaren 8an, goizeko 10:00etatik aurrera. Gainera, igandean, eremutar haitzuloetara bisita gidatua egingo da.

Juan Antonio Quiros EHUko irakasleak koordinatu ditu Gaubea bere historiaren hastapenetan izeneko jardunaldiak, eta horietan EHUko hainbat irakaslek parte hartuko dute, besteak beste, Luis Egiluzek, Javier Fernandez Erasok, Rafael Varonek edo Jose Ramon Diaz de Duranak. Haiek azalduko dute Gaubeako arkeologia, udalerriak erromatar garaian izan zuen garapena, Erdi Aroan bizi izan zituen aldaketak edo Arabara batu zeneko unearen garrantzia. Halaber, Sienako Unibertsitateko doktore Francesca Grassik Gaztelaren sorreran Gaubeak jokatu zuen papera azalduko du. Hitzaldi guztiak Uribarri Gaubeako liburutegian izango dira, 10:00etatik 13:15era arte goizean, eta 17:00etatik 18:30etara arratsaldean.

Halaber, igandean, ekainaren 9an, 10:00etan, Gaubeako eremutar haitzuloetara bisita gidatua egingo dute, Luis Egiluz doktorearen eskutik. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide