Erriberabeitiko Udalaren kontra kexa aurkeztu du AHTrik Ez plataformak Arartekoaren aurrean

Erredakzioa 2019ko eka. 6a, 15:00
Arartekoarekin bildu baino lehen agerraldia egin du plataformak. AHTrik Ez

AHTaren kontra onartutako mozioa betetzeko udal gobernuak jarritako trabak eta "nagusikeria" salatu ditu tren sozialaren aldeko plataformak.

Arabako Haranetako AHTaren kontrako plataformak kexa aurkeztu du gaur goizean EAEko Arartekoaren Gasteizko bulegoan; Erriberabeitiko udal gobernuaren "nagusikeria" salatu dute plataformako kideek, urtarrilean osoko bilkurak onartu zuen AHTaren kontrako mozioa betetzeko "trabak" jarri dituelako.

Plataformako kideek azaldu dutenez, 2019ko urtarrilaren 17an Erriberabeitiko udalbatzak mozio bat onartu zuen abiadura handiko trenaren kontra, eta horren barruan jasotzen zen udaletxearen balkoian AHTrik Ez leloa duen bandera jarriko zutela. Apirilaren 3an jarri zuten bandera, baina aste bete beranduago udal gobernuak kendu zuen. Udal agintarien arabera, Hauteskunde Batzordeak ez zituen horrelako sinboloak udaletxean onartuko, hauteskundeak amaitu arte. 

Hauteskundeak amaitu ondoren, iragan maiatzaren 27an, Plataformak bandera berriro jartzeko eskatu zuen, baina udal gobernuak ezetz erantzun zuen, hauteskundeen ostean udalbatza aldatu dela argudiatuz eta mozioa berriro eztabaidatu behar dela. Gauzak horrela, Arartekoarengana jotzea erabaki zuten AHTrik Ez plataformako kideek, eta hain zuzen gaur bertan jakin dute udal gobernuak atzera egin duela eta berriro jarriko duela bandera udaletxeko balkoian, mozioa errespetatuz.

Arabako Haranetako AHTrik ez plataformako kideek udal gobernuaren jokaera salatu dute eta onartutako mozioa aurrera ateratzeko jarritako "trabak" azpimarratu dituzte. Hala jaso dute Arartekoaren aurrean gaur aurkeztu duten kexan. Halaber, AHTaren ibilbideak Añanako Kuadrillan egingo duen kaltea azaldu diote Manu Lezertua Arartekoari.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide