Baserriko uzta iritsi da Arabara

Mirian Biteri 2019ko eka. 10a, 12:00

Olatz Salvador izango da ekainaren 15ean, Anuntzetako Beltzitina baserrian.

Martxan da, bigarrenez, kulturaren bitartez agroekologian oinarritzen diren baserriak eta herritarrak lotzea helburu duen Baserriko Uzta ekimena. Aurtengo edizioan, hiru urtarotan egingo dute: udaberrian, udan eta udazkenean.

Lehena, udaberriko uzta, ekainaren 15ean, igandean, jasoko dute Erriberagoitiko Anuntzeta herriko Beltzitina etxaldean. Hitzordua 10:30ean dago jarrita; Amparo Perez Cansecok eta Xabier Alonso Alonsok daramaten baserrian marmelada ekologikoa da produktu nagusia, eta, hortaz, bertan dauden fruta zuhaitz ugariak ezagutzeko aukera izango dute bisitariek, eta baita baserrian ekoiztutako gozoak dastatzeko ere.  

Kontzertua eta bazkaria

Ohikoa den moduan, bisitaren ostean, musika emanaldia izango dute etxaldean bertan; kasu honetan, Olatz Salvador bakarlari donostiarrak parte hartuko du. Bisitaldia amaitzeko, bertaratutakoen arteko bazkaria egingo dute, baserrietako elikagaiekin.  
Baserriko Uzta Euskal Herriko bio-baserritar agroekologiko eta herritarren kolektiboak (EHKO), Argia aldizkariak eta Iametza komunikazio eta teknologia enpresek elkarlanean garatutako ekimena da. Herritarrek baserriak bertatik bertara ezagutzea du helburu, baserritarren lanak eta produktuak nola lantzen dituzten erakutsiz. Baina, laborantza ekologikoa euskal musikari elkarri lotuta eman nahi du ezagutzera.

Lehen edizioa arrakastatsua izan zen: Antzuolan (Gipuzkoan), Anari aritu zen Pikunieta baserrian; Urduñako (Bizkaia) Santa Claran, Rafa Rueda; Arbonako (Lapurdi) J. Zaldunbideren baserrian, Mikel Urdangarin; eta Nafarroako Mendiko upategian, Fermin Valencia eta Jesus Ayesa.

Aurtengo edizioan, Olatz Salvadorrez gain, beste bi musikarik joko dute: Udako uztaren barruan, Eñaut Elorrieta izango da abuztuaren 31n, Pagolako (Zuberoa) Safran Lilian; eta Udazkeneko uztan, Ruper Ordorika izango da Eibarko (Gipuzkoa) Sonsolan kontzertua eskainiko duena, azaroaren 9an.

Baserrira bisita gidatua, kontzertua eta bazkaria barne hartzen duen saio bakoitzaren prezioa 20 euro da (gaztetxoenak, 12). Interesatuek baserrikouzta@gmail.com helbidera idatzi behar dute, tokia mugatua da eta.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide