Gure bazterrak

Billoda, Zadorraren agindupean

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2020ko abu. 25a, 08:30

Billodako hamar begiko zubi ederra XIV-XV. mendeetakoa da, baina jendartean ezaguna da Erromatar Zubia izenaz ere.

Zadorra ibaiak zuzentzen du Billodako bizilagunen bizitza, batik bat euria gogoz egiten duenean. Orduan, urak hamar begiko zubia hartzen du eta herritarrak ordu luze batzuez isolaturik geratzen dira. Arazoa ez da berria, baina erakundeen aldetik ez zaio irtenbiderik eman orain arte.  

Meandro handi bat egiten du Zadorrak Billodan, eta ibaiaren bi adarren artean geratzen da herria. Iparraldera dago Erdi Aroko zubia, Gasteizko irtenbide naturala; hegoaldean, berriz, San Pelayo ermitaren parean, Garaboko pasabideak daude –antzinako harrizko pasaguneak–, Langraizera joateko. 

Bost kilometro ibilbide seinaleztatua dago Billoda eta Langraiz Oka artean, eta aspaldi Garabon egon zen presaren aztarnak bisitatu daitezke. Elektrizitatea sortzeko fabrika txiki bat eta irina lantegi bat ere kokatu zituzten bertan; gainera, soka batekin lotutako txalupa batean pasatzen ziren ertz batetik bestera Billodako herritarrak, negu partean. Gaur egun, desagerturik dago hori guztia, eta Zadorra ibaiaren hondoan eraikitako harrizko eta zementuzko pasabidea ez da ia igartzen. 

40. hamarkadan, Garabora eraman zituzten Miranda Ebroko kontzentrazio-esparruan zeuden presoak, Langraiz Okako espetxea eraikitzera. Harrizko pasabidea erabiltzen zuten presoek meza entzutera derrigorrean joaten zirenean Billodako San Pelayo ermitara. 

Billodako hamar begiko zubi ederra XIV-XV. mendeetakoa da, baina jendartean ezaguna da Erromatar Zubia izenaz ere. Zergatik? Araban, Zadorra, Baia eta Ebro ibaiak Astorga eta Bordele lotzen zituen iter XXXIV. erromatar bidearen erdian daudelako, eta gainera, Iruña-Veleia erromatar hiria dago Billoda eta Tresponde herrien artean. Hortaz, urte luzez uste izan da Zadorrako hainbat zubi erromatarren garaian eraikitakoak zirela, nahiz eta Erdi Arokoak izan. 

Billodak eta Trespondek Iruña izeneko udalerria osatu zuten, baina 1976an Langraiz Okarekin batu ziren, eta Iruña Oka sortu zuten.

Fitxa:

Kuadrilla: Añana.

Udalerria: Iruña Oka.

Biztanleak: 319 (2018ko Eustaten datuen arabera).

Bitxikeria: XX. mendearen hasiera arte larruak eta zuziak erretzen zituzten Billodako gazteek ihauterietan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago