Klima aldaketa, emakumea eta lurra hizpide Gaubean

Kolonbiako Cauca herriaren esperientziak azalduko dituzte jardunaldietan. @com_caicedo

Igandean, maiatzaren 5ean, Euskal Herriko eta nazioarteko gonbidatuak bilduko dira Uribarri Gaubeako frontoian, klima aldaketa aztertzeko. Hitzaldiak 12:00etan hasiko dira.

Gaur arratsaldean irekiko ditu Emigrados Sin Fronteras taldeak, Amurrion, klima aldaketa, emakumea eta lurra hizpide izango dituzten nazioarteko jardunaldiak, eta igandean Gaubeara zabalduko ditu. Hala, maiatzaren 5ean, Uribarri Gaubeako frontoian, hitzaldiak antolatu dira nazioarteko gonbidatuen parte-hartzearekin, 12:00etatik 14:00ak arte, Tokiko Ekoizleen Merkatuarekin batera. Ingurugiro aldaketa, emakumea, lurra eta bizitza. Ardura globala eta premiazko erronkak goiburuarekin antolatu ditu jardunaldiak.

Klima-aldaketa leuntzeko neurriak aztertuko dituzte jardunaldi hauetan, baita giza eskubideen defentsa ere eta Iparra zein Hegoaren arteko elkartasuna eta lankidetza garatzeko moduak. Arabako nekazaritza inguruneko udalerriak aukeratu dituzte hitzaldiak antolatzeko –Amurrio eta Gaubea–, lurrak duen garrantzia nabarmendu nahi dutelako. Halaber, emakumezkoek klima aldaketaren borrokan duten protagonismoa ere azpimarratu nahi dute, izan ere jardunaldietan parte hartuko duten hizlari guztiak emakumeak dira.

Honako hauek dira Gaubeako frontoian aurreikusitako hitzaldiak: 

-Klima aldaketaren erronkari aurre egiteko esparruak eta partekatutako ardurak. Alina Blanco, kolonbiarra, ingurune-kudeaketa eta gobernantza iraunkorrari buruzko ikertzailea.

-Nekazariak, erresistentziak eta Kolonbiako trantsizioko lurraldeak. Sandra Poveda, kolonbiarra, nekazarien mugimenduaren ibilbideari buruzko ikertzailea Valentziako unibertsitatean.

-Bizitzaren, lurraldearen, eta segurtasun etniko eta kulturalaren aldeko herri beltz kolonbiarra. Rosana Mejía Kolonbiako herri beltzaren ordezkaria. Iparraldeko Caucako erkidegoaren Batzorde Elkartearen Giza Eskubideetako Kontseilaria.

-Emakume arabarra eta eskuz egindako produktu ekologikoen eraldaketa. Amparo Perez nekazari ekologikoa eta Arabako Nekazaritza Ekologikoko Elkarteko kidea.

-Bizitzaren eta arbasoen lurraldearen babesaren aldeko herri nasa kolonbiarra. Raquel Trujillo nasa herriko buruzagi indigena, giza eskubideen defendatzailea eta Kolonbiako Antolaketa Indigena erakundeko buruzagia.

 

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide