Urtea hasi zenetik lau lagun hil dira Zaballako espetxean; azken biak, azken hilabetean. Apirilaren 25ean gertatu zen azken heriotza Arabako kartzelan. Hala Bedik baieztatu ahal izan duenez, bertan preso zegoen 28 urteko gazte bat hil zen egun horretan 5. moduluan.
Apirilaren 1ean, Jonathan Costillas Rituerto arabarraren heriotza ezagutarazi zen. Administrazioak emandako tratua arbuiatu zuten handik astebetera bere senideek. Salaketarekin batera, Espainiako estatuak espetxean dauden pertsonen segurtasuna bermatu beharko lukeen heinean, gertakariaren erantzukizunak eskatuko zutela iragarri zuten.