Urte amaierarako martxan jarriko dute Ekian

Erredakzioa 2019ko api. 18a, 07:00

Obrak hasi dira Arasurren, parke fotovoltaikoa kokatzeko. PHOT.OK

EAEko parke fotovoltaiko handiena eraikitzen hasi dira Arasur poligonoan.

Lurrak garbitzeko eta mugitzeko lanak hasi dira Arasurren, ekainean zimenduei buruzko probak egingo dituzte eta lehenengo modulu fotovoltaikoak iritsiko dira Erriberabeitira. Hala, urtearen amaieran, Ekian izeneko EAEko parke fotovoltaiko handiena martxan hasiko dela aurreikusten dute sustatzaileek. Arasurreko parkeak EAEko egungo energia ahalmena bikoiztuko du.

Eguzki-parke fotovoltaikoa 55 hektareako lursail industrial batean kokatuta dago, eta azken belaunaldiko 67.000 eguzki-panel izango ditu. Panel bakoitzak 355 watt sortuko ditu eta, guztira, 24 MW-eko potentzia instalatua izango du. Urtean, 40.000 MWh inguru sortuko ditu, hau da, urtebetean 15.000 familiak izaten duten kontsumo elektrikoaren pareko energia elektrikoa. 

Egun, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eguzki-energia fotovoltaikoa energia berriztagarri guztiaren %1,4 da, eta Jaurlaritzaren asmoa da ehuneko hori hazi, eta hamarkada batean baino gutxiagoan %4,4ra iristea, 293 MW-eko potentzia instalatura iristeko.

Proiektuaren sustatzaileak

Hainbat enpresaren lankidetzaren ondorioz sortutako eguzki-parke bat da Ekian, eta enpresa horiek izango dira instalatutako potentziaren zati baten jabeak. Enpresa pribatuekin batera, Energiaren Euskal Erakundeak parte hartzen du proiektuan. Bien artean eratu dute Interes Ekonomikoko Talde bat, hogeita hamar urterako. Talde horren xedea da instalazio fotovoltaikoa abian jartzea eta energiaren sorrera aktibatzea.

Guztira, 24 milioi euroko inbertsioa egingo dute eguzki-parkea ezarri eta abian jartzeko. Etorkizunean enpresa gehiagok ere bat egin ahal izango dute proiektuarekin. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago