Ibilbide birtuala prestatu dute Badaiako Santa Katalinan

Erredakzioa 2019ko api. 3a, 14:21
Badaiako Santa Katalina ezagutzeko ibilbide birtuala. ALEA

Larunbat honetan zabalduko ditu ateak Trespondeko lorategi botanikoak; ikasturte berrian gaueko bisitaldi antzeztuak eta bisitaldi botaniko gidatuak egingo dituzte.

Badaiako Santa Katalina lorategi botanikoak apirilaren 6an zabalduko ditu ateak, eta urrira arte lantegi didaktiko eta kultura ekitaldien programa zabala eskainiko du. Gainera, lorategiko bazter guztiak ezagutzeko, online tresna berri bat aurkeztu dute. 360 graduko ibilbide birtuala egiteko aukera ematen du, hitzez eta musikaz lagunduta. Tresna hori gaurtik aurrera eskuragarri dago, Arabako Foru Aldundiaren turismoko web orrian.

Panoramika desberdinen, lorategiaren mapa birtualaren eta gaikako menuen arteko estekak erabiliz nabigatu daiteke, eta edozein gailutan (ordenagailua, tableta eta mugikorra) ikusi ahal izateko egokituta dago.

Ibilbide birtualaren oinarri dira hemeretzi irudi panoramiko eta berrogeita lau informazio fitxa. Fitxa horietan lorategiko hainbat lekuri eta hango landare eta zuhaitzei buruzko informazioa eta bitxikeriak jasotzen dira, baita hegazti, anfibio, tximeleta eta gaueko animaliei buruz ere. Horrez gain, antzinako Santa Katalina monasterioaren historia, arkitektura eta garapenari buruzko informazioa eskaintzen da. 

Eskaintza zabala

Ikasturte berriko programan proposamen berriak daude, hala nola, gaueko bisitaldi antzeztuak eta botanikan adituek gidatutako bisitaldi gidatuak. Ekainaren 22an, uztailaren 6an, abuztuaren 3an eta irailaren 7an egingo dira gaueko bisitaldi antzeztuak. Bisita botaniko gidatuak, berriz, Ana Sanchez Corcuera adituak zuzenduko ditu, eta lorategiko landareen eta loreen ezaugarriak ezagutzeko, eta bonsai erakusketa ikusteko aukera dira.

Aurten ere, toki nabarmena izango dute haurrentzako bisitaldi antzeztuek. Lehenengoa larunbat honetan, apirilak 6, izango da. Ordutik aurrera eta urrira bitartean, bisitaldiak hileko lehen igandeetan egingo dira, 12:00etan.

Musika emanaldiak egitea ere aurreikusi da, Erdi Aroko Enperadorearen bidaia antzezlanaren aurkezpena, gaueko zinema emanaldiak udan eta Udazkeneko Jaia irailean.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide