Añanako Gatz Harana Fundazioak ingurune bereziaren ikerketan sakontzeko asmoz, II. Jardunaldi Zientifikoak antolatu ditu. Hala, ostegun honetan, martxoaren 28an, Euskal Herriko Unibertsitateko adituek hitzordu bat dute Gesaltza Añanan, gatzagen zenbait alde aztertzeko. Añanako Gatz Harana. Aire zabaleko ikerketa-laborategia jardunaldia goizetik eguerdira arte luzatuko da.
Iñaki Antiguedad Hidrogeologiako katedradunak eta ikertzaileak zabalduko du jardunaldia, gatzagak elikatzen duen ura aztertuz. Ondoren, Juan Manuel Madariaga doktoreak kimika analitikoaren ikuspuntutik azalduko du Gatz Haranaren funtzionamendua. Halaber, Javier Garaizar Farmazia fakulttateko irakaslea ingurunearen mikrobiologiaz arituko da.
Iragan urtean, Neiker-Tecnaliak eta Añanako Gatz Harana Fundazioak Dunaliella Salina izeneko alga ekoizteko kultibo esperimental bat jarri zuten martxan, eta horren inguruan azalpenak emango ditu jardunaldietan Sonia Suarezek. Azkenik, Xabier Murelaga, Ainhoa Alonso eta Luis Angel Ortega irakasleek Añanako Gatz Haranaren Gida Geologikoa aurkeztuko dute.
Hitzarmenaren barruan
Iragan urrian sinatu zuten Gatz Harana Fundazioak eta Euskal Herriko Unibertsitateak lankidetza hitzarmena, gatzagaren azterlan eremu guztietan sakontzeko. Horretan, EHUk Añanako Gatz Harana Fundazioari aholkularitza ematea aurreikusten zuten, Kultur paisaiak eta Ondarea UNESCO katedra eta Global Change and Heritage PIU izeneko programak baliatuz, horietako bakoitzaren jakintza eta eskumen esparruen inguruan.
Hitzarmenaren harira, bi erakundeak elkarlanean aritzen dira langile teknikoak prestatzeko planak eta programak taxutzen eta berariazko prestakuntza ikastaroak ezartzen eta garatzen, eta horixe bera egingo dute Fundazioan diseinatutako dokumentazio eta informazio sistemak aplikatzen, elikatzen eta garatzen, ahal dela beste monumentu batzuetan ere ezarri ahal izateko.