Mijancas, Escanzana, Lacervilla, Lacorzanilla, Santurde, Tobera eta Berantevillarekin batera osatzen du Santa Cruz del Fierrok Berantevillako udalerria. Guztira 485 biztanle soilik dituen lurralde zabala da, Burgosko mugan.
Herri txikia da Santa Cruz del Fierro. Hiru kale ditu mendi-bizkar baten inguruan eraikita, eta tontorrean San Andres eliza ageri da. Tenpluaren sarreran burdinazko gurutze handi bat dago, hain zuzen azken mendeetan herriari abizena eman dion elementua. Alta, herriaren jatorrizko izena beste bat ei da. "Santa Cruz de Soportilla irakurtzen da, demagun, Tomas Lopezen mapa batean (1769)".
Besteak beste, Henrike Knörrek jaso zituen Berantevilla eta Soportilla izenen inguruko erreferentzia historikoak, eta 2006. urtean Euskaltzaindiko Onomastika Batzordeak Ziordian egin zuen batzar batean aurkeztu zuen eginiko azterketa. Horretan nabarmentzen zuen Soportilla Arabako eskualde zahar bat dela.
Gerora, Roberto Gonzalez de Viñaspre euskaltzainak Berantevilla toponimoen azterketa historiko-linguistikoan jaso zuen, baita ere, XVIII. mendeko hainbat idazkitan Santa Cruz de Soportilla izena zuela herriak, eta XIX. mendearen erdialdera arte, bederen, ez zutela izena aldatu. Fierro elementua, beraz, "nahiko elementu modernoa da", eta elizaren aurrealdean dagoen burdinazko gurutzearekin zerikusia du.
Ozioko eta Zabalateko gaztelu ikusgarrien artean dago Santa Cruz, Iuda ibaiaren ertzean, eta soroez zein txopo sailez inguratuta. Herritik mendi igoera polita dago Txulato izeneko mendira (946 metro), eta bertatik gazteluak ere bisita daitezke.
Iraganean, Berantevillan mahastiak zaintzen zituztela erakusten du Apaizaren Txabolak. Santa Cruz del Fierroko ipar-mendebaldeko lursail baten erdian dago txoza, eta aspaldi mahastiak zaintzen zituzten nekazariek aterpe gisa erabiltzen zuten. Arabako Errioxan txozak ohikoak baldin badira ere, ingurune honetan Apaizaren Txabola da gordetzen den mota honetako eraikin bakarra.
Fitxa:
Kuadrilla: Añana.
Udalerria: Berantevilla.
Biztanleak: 50 (2018ko Eustaten datuen arabera).
Bitxikeria: Ehiza intentsiboko barruti bat dago herriaren inguruetan, baita tiro-zelai bat ere.