Diputazioa Mendi Haran Ur Partzuergoa "suntsitzen" ari dela salatu dute

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019ko mar. 7a, 11:00
Mendi Haran partzuergoko kideak, agerraldian. MENDI HARAN

"Legea urratzea, mehatxuak egitea eta dirua xahutzea" leporatu diote Diputazioari, Araban sortu berri duen ur partzuergoa bultzatzeko.

"Mando bat portzelana denda batean bezala dabil Arabako Diputazioa ur partzuergo berria osatzen". Añanako Mendi Haran Ur Partzuergoko lehendakari Jose Mari Martiodaren salaketa da. Martiodaren esanetan, eskualde mailako ur partzuergoa "suntsitzen" ari da Aldundia, urtarrilean sortu zuen Araba mailakoa bultzatzeko. Mendi Haraneko arduradunak herrialdeko partzuergo guztiak tratu ekonomiko eta tekniko bera edukitzea eskatu du, eta "behingoz gelditzea egiten ari diren ezkutuko mehatxuak".

2002. urtean sortu zuten Erriberagoitiko Udalak eta inguruko hamaika bat batzar administratibok Mendi Haran Ur Partzuergoa, eta gerora sartu ziren Erriberabeitiko Udala, Ribabellosa eta beste kontzeju batzuk. Guztira, egun, Añanako 23 herriren ur hornikuntza kudeatzen dute. Bazkideen asanbladan kontzejuetako eta udaletako ordezkariez gainera, Diputazioaren bi ordezkari daude. "Hamasei urteotan kalitateko zerbitzua, eta ura bezain gardena den kudeaketa eskaini ditugu", azpimarratu du Martiodak. 

Haatik, Arabako Diputazioak lurralde mailako ur partzuergo bakarra sortzeko asmoa martxan jarri zuenetik, arazoak dituzte Añanan. "Erakundeen arteko zintzotasun falta" leporatu dio Mendi Haraneko lehendakariak Aldundiari, eta Añanako partzuergoaren bazkide diren herriak Arabako partzuergora erakartzen saiatzen ari dela kritikatu du: "Aldundiak partzuergo berri bat eraiki nahi du Mendi Haranen hondarren gainean, eta ez gaude prest". Horretarako, legea urratzen ari dela esan du Mendi Haraneko lehendakariak, eta nabarmendu du hainbat udalek eta batzar administratibok ez dutela baja eman Mendi Haranen partzuergo berrian sartu aurretik, eta modu horretan erakundearen estatutuak urratzen ari direla.

Bestalde, ur partzuergo berria osatzeko "diru publikoa xahutzea" leporatu dio Aldundiari Mendi Haranek; adibide bezala, Martiodak esan du 500.000 euro jarri dituela Diputazioak Tropegarain Ur Partzuergoaren estatutuak aldatzeko eta Arabakoan sartzeko. Gogoratu du, halaber, Arabako ur partzuergo gehienek uko egin diotela Diputazioaren proposamenari.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide