Gune botaniko berria du Gatz Haranak

Erredakzioa 2019ko ots. 22a, 11:08
Halofilo espezieko landaredia mehatxatuta agertuko da Gatz Haraneko gune botaniko berrian.

Proiektuari esker, Santa Engraziako iturburua egokitu eta ikerkuntza botanikoa egiteko aukera eskaini ahal izan dute.

Foru Aldundiaren Ingurumen Sailak Santa Engrazia lurzatian dagoen eremua berregokitu du bertako biodibertsitatea eta natura balioak hobeto ezagutzeko. Eremu honek 1.800 metro koadroko azalera du, eta hamasei arlok osatzen dute. Eremu gazietako landaredi espezifikoa agertuko da bertan; tartean, halofilo izeneko espezie mehatxatua.

Era berean, proiektu honi esker, Santa Engraziako iturburua egokitu ahal izan dute. Gatz ustiapenean erabiltzen den gatzunaren jatorria da iturburua, eta Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzalezek gune horren balioa eta egokitzeko beharra nabarmendu du: "Iturburua Gatz Haranaren funtzionamendurako funtsezko elementu bat da, eta narriadura handiko egoeran aurkitzen zen". Obren ondoren, bisitariek ere gatz sistemaren jatorrira heltzeko aukera izango dute.

Interpretazio ibilbide berri bat, atseden guneekin, eta laneko ibilgailuetarako sarbide berri bat ere daude berriztatutako eremuaren barruan.

Gatz Haraneko gune botanikoa eta bertan egingo dituzten landaredia birsortzeko lanak ikerkuntza botanikorako baliagarriak izango dira, bere berezitasunengatik. Izan ere, urbazterreko berezko landaredia izango da bertan berriz ere, datorren udaberrian. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide