Gure bazterrak

Arriano, atsoaren esaeren gordailu

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019ko ots. 3a, 08:00

Arrianoko elizaren irudia. WIKIMEDIA

Carlos Ortiz de Zarate etnografoari esker, Kuartangoko inauterietako protagonista nagusia bilakatu da Arrianoko Atsoa.

Kuartango haraneko mendebaldeko herri nagusia da Arriano, eta, ingurukoetan bezala, oso biztanle gutxi bizi dira ere Peña Colorada haitzaren azpian dagoen herrian. 760 metrotan kokatuta dago Arriano, eta garaiera horri esker bista ederrak ikusi daitezke uda partean; neguan, berriz, elurra eta haizea dira nagusi zonaldean. Arrianoko Atsoak esaten zuen moduan: 'Si el invierno fuera verano, no habría pueblo como Arriano'.

Arrianoko Atsoa oso pertsonaia ezaguna da, Kuartangon ez ezik baita Erriberagoitin, Urkabustaizen, Iruña Okan eta Zuian ere. Adineko bizilagunek beti ahotan erabili dute Arrianoko Atsoaren  esaerak eta ateraldiak, nahiz eta egun ia galdurik egon.

Dena den, Carlos Ortiz de Zarate etnografoari esker, Kuartangoko inauterietako protagonista nagusia bilakatu da Arrianoko Atsoa azken urteetan. Ortiz de Zaratek 2000. urtean jaso zituen atsoaren mitoaren inguruan dauden dozenaka kondaira. Legenda batzuk alde mitikoari erreparatzen diote: sagarrondo batean jaio omen zen atsoa, eta Luna eta Arriano artean dagoen Mariaran izeneko haranean bizi zen. Beste kondaira batzuk inguruko jendearen izaeraren eta garaiko bizimoduaren isla dira. 

Mitoak alde batera utzita, gizon-emakumeen presentziaren arrastoak ugariak dira Arriano inguruan. Historiaurreko tumuluak daude adibidez, eta gainera, Arriano bezala, Kuartangoko hainbat herriren izenak –Sendadiano, Jokano, Aprikano, Katadiano– erromanizazioarekin lotu dituzte hainbat ikertzailek. Alta, Felix Mugurutza Euskaltzaindiko Onomastika Batzordeko kideak erromanizazioaren teoriarekin tentuz jokatzeko aholkatu du, toponimoek Erdi Aroan ere izan dezaketelako jatorria, eta bide batez euskararekin lotura.

Fitxa: 

Kuadrilla: Añana.

Udalerria: Kuartango.  

Biztanleak: 9 (2018ko Eustaten datuen arabera).

Bitxikeria: San Roman tenpluak bataiarri ederra du barrualdean, XIII.mendekoa.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago