Barrongo urtegia gelditzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari

Erredakzioa 2019ko urt. 25a, 10:25
Urpean geldituko diren lurrak. PHOT.OK

Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk ekimen bana aurkeztu dute Kongresuan.

Trantsizio Ekologikorako Ministerioak Barrongo urtegiaren ingurumen inpaktuko txostena onartu eta gero, Espainiako Gobernuari obra gelditzeko eskatu diote Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk; eta ekimen bana aurkeztu dute Madrilgo Kongresuan.

Hala, Ekarrekin Podemos taldeko eledun Juantxo Lopez de Uraldek eskaera egin du Espainiako Gobernuak Barrongo urtegiaren eraikuntza gelditu dezan, ingurumenari egingo dion kaltea argudiatuta, eta taldearen ustetan, inguruko nekazarien etorkizuna bermatzeko beharrezkoa ez delako. Lopez de Uraldek adierazi duenez, ingurumen inpaktuko txostena onartzea "atzerapausoa" da politika hidrologikoari dagokionez, egun dauden azpiegiturekin nahikoa delako Añanako Haranak ureztatzeko. Elkarrekin Podemos taldeak Espainiako Gobernuari exijitu dio elikagaien produkzioa lehenesten duen politika hidrologikoa lantzeko, "uraren erabilgarritasuna eta klima-faktoreak kontuan hartzen duena".

Estatu idazkariaren tuita

EH Bilduk, bere aldetik, Ingurumeneko Estatuko idazkari Hugo Moranen agerraldia eskatu du, "publikoki egitasmoaren inguruan zalantzak adierazi dituelako". Izan ere, aste honetan bertan, Barrongo urtegiaren ingurumen inpaktuko txostenaren harira, tuit bat idatzi du Moranek honako hau esanez: "Urtegi honen harira: gobernuak ez du ontzat eman, beharrezkoa ez den obra bat delako". Tuit bidezko eztabaidan gaineratu du Estatuko idazkariak Barrongo urtegia ez dela Sanchezen gobernuaren egitasmo bat, eta ingurumeneko inpaktuko txostena onartzeak ez dakarrela ezinbestez obrak aurrera egitea.

Bestalde, EH Bilduko bozeramaile Kike Fdez de Pinedok azpimarratu du, Fundacion Nueva Cultura del Aguak Arabako Foru Aldundiarako eginiko txostenak ohartarazten duen moduan, "guztiz beharrezkoak" diren bi txosten falta direla. Batetik, bideragarritasun ekonomiko eta sozialaren txostena, eta bestetik kostuen errekuperazio txostena. Hortaz, Fernandez de Pinedoren esanetan, Uraren Zuzentarau Markoa ez da bete.

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide