Eusko Jaurlaritzako Gobernu Batzordeak 10.000 euroko diru-laguntza onartu du gaur Zuhatzu-Kuartangoko bainuetxean antzokia egokitzeko lanak finantzatzeko. Kultura azpiegitura hau bultzatzea da diru-laguntzaren helburua, "kontuan izanik bere eragin-eremua Añanako Kuadrilla osora zabaltzen dela, non ez baitagoen antzeko kultur ekipamendurik".
Kuartangoko Udalak 14.600,00 euroko gastuen aurrekontua aurkeztu du espazio hori egokitzeko lanak finantzatzeko. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak partzialki ordainduko ditu egokitze-lanak, 10.000 euroko diru-laguntzaren bitartez.
Zuhatzu-Kuartangoko Bainuetxe Zaharra XIX. mendearen amaierako eraikin bat da, eta 2015az geroztik berritze-lan desberdinak egin izan dira bertan. Antzokiarena izan da barnealdean egin den aurreneko egokitze-lanetako bat. Dena den, beste hainbat lani ekin beharko zaio arte eszenikoetako kultur jarduerak garatzeko erabili ahal izateko.