Gaubean dagoen euskal toponimiaren arrastoen adibide bat da Karkamu, Euskaltzaindiak 2012. urtean herriaren izendapenaren inguruan argitaratu zuen irizpenak islatzen duen moduan: "Karkamu da zonalde honetan euskaraz hitz egiten zen garaian herriak erabiltzen zuen forma, zalantzarik gabe; amaieran 'o' letra duen C·rcamo forma modernoa gaztelaniako arauak sortutakoa da, amaierako 'u' letra 'o' bilakatuz. Kasu bera da ondoko Arcamo mendatearena; Lautadan Arkamu bezala jasota dago 1799. urtera arte, bederen".
Herri txikia Erriberagoitia eta Gaubea lotzen dituen errepidearen alde banatan kokatuta dago, eta Neolito arotik izan da gizakiaren kokalekua. Horren lekuko da Las Calaveras izeneko hilobiko koba;1960an deskubritu zuen Armando Llanosek eta Jose Antonio Agorretak, besteak beste, osaturiko arkeologoen talde batek, eta bertan hiru emakumezkoen burezurrak aurkitu zituzten. Karkamu eta Luna herriak lotzen dituen mendiko bide batean dago koba, La Llanako putzuaren inguruan.
Denboran aurrera eginez, Erdi Aroko lekukotasunak ere baditu Karkamuk, eta, hain zuzen ere, ospetsuena da errepidearen ezkerretara, herriaren erdian dagoen San Joan ermita. Jatorria XI. mendeko bigarren erdian du, eta arabar goiz erromanikoari dagokio. Ermitaren harrizko hormetan 1050 data aurkitu zen; gaur egun ermita barruan dago zintzilik apaingarri gisa. Arabako Foru Aldundiak 1980-1983an zaharberritu zuen eliza.
Teilatu hegaleko harburuetan giza eta animalia irudiak, antropomorfoak, bolak eta bestelakoak ikusten dira. Ermita barruan estilo gotikoko Andra Mariren taila margotu bat dago, baita San Joanen taila bat ere, herri estiloan egina, eta gurutze gotiko bat.
Despopulazioak larriki jo zuen Karkamu, Gaubea haraneko gainerako beste herriak bezala. XX. mendean eskola bat zegoen herrian baina 1943. urtean, esate baterako, soilik bederatzi neska-mutil joaten ziren herriko eskolara.
Fitxa
Kuadrilla: Añana.
Udalerria: Gaubea.
Biztanleak: 27 (2017ko Eustaten datuen arabera).
Bitxikeria: Ametzagaina parkeko ardiak kentzea erabaki zuen Donostiako Udalak 2015ean, Karkamun bizi dira orain.