Eusko Jaurlaritzak arrisku eremu izendatu ditu Miranda de Ebroko lurpeko ur-masaren iparraldeko eta erdialdeko sektoreak. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu berri dutenez, arrisku- eremu izendatzeko arrazoia da nitrato-maila jakin batzuk gainditzen dituzten urak biltzen dituztela. Ebro ibaiaren eta Larrazubiko zubiaren goialdearen arteko nekazaritza lurrak dira horiek.
"EAEko beste toki batzuetan uren kalitateari dagokionez eginiko jarraipenek erakutsi dutenez, Miranda de Ebroko ur-masaren zati batek nekazaritzatik eratorritako nitratoek kutsatutako edo kutsa dezaketen urak ditu. Hortaz, beharrezkotzat jo da arrisku eremu izendatzea Mirandako lurpeko ur-masaren iparraldeko eta erdialdeko sektoreak, nekazaritzatik eratorritako nitratoek kutsa ditzaketelako".
Hortaz, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen sailak adierazi duenez, nahitaezkoa da arrisku eremu horietarako jarduketa-planak prestatzea, nekazaritzatik eratorritako nitratoek eragindako kutsadura prebenitzeko eta murrizteko. Plan horietan mugatuko da, esate baterako, nekazariek erabili ditzaketen ongarri kimikoen kopuruak eta motak.