Koldo Larrañaga omenduko dute ostiralean

Estitxu Ugarte Lopez de Arkaute 2018ko urr. 15a, 07:00
Koldo Larrañaga, 2016ko martxoan, ALEAn eginiko elkarrizketa batean. ESTITXU UGARTE

Apaiza, zinemagilea eta Añanako Kuadrillan euskararen sustatzaile handia orain urtebete hil zen.

Datorren urriaren 19an, ostiralean, Koldo Larrañaga gogoratzeko ekitaldi bat antolatu du Lantarongo Udalak. Omenaldia 18:30ean hasiko da, urteurreneko mezarekin, Zubilagako elizan. Ondoren, 19:30ean, Lantarongo kiroldegian –Komunioin–, hainbat lagunek Larrañagaren bizitzako hainbat alderdiri buruz hitz egingo dute. Azkoitian 1932. urtean jaio eta Caicedo-Yuson iaz hil zen apaizak euskararen aldeko lan nekaezina egin zuen, batik bat 70. hamarkadatik Añanako Kuadrillan euskara berreskuratzeko.

Halaber, zinemazale eta zinemagile izanik, 1976ko martxoaren 3ko sarraskia grabatu zuen, eta egun Larrañagak utzitako lekukotza grafikoak garrantzi handikoak dira. Halaber, 1980. urtean egin zuen Ikuska sailaren Arabako erreportajea. Hamabi minutuko laburra idatzi eta gidatu zuen Caicedo-Yusoko apaizak eta herrialdeko hogei herri aukeratu zituen grabazioa egiteko. Arabako alde ezkutuari buruzko "poema bisuala" landu zuen. Jesus Perez de Viñasprek, Kepa Enbeitak, Elvira Diaz de Lezanak, Araceli Diaz de Lezanak eta Nicasio Garaigordobilek egin zituzten aktore lanak. Dokumentalak "brontzezko Mikeldia" lortu zuen ZINEBIn (Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian). Euskadiko Filmategiari ere film ugari dohaintza eman zizkion.

Azken 30 urteetan Lantarongo jarduera kulturala dinamizatu zuen: ekintza kulturalak, zine forumak, "Ezagutu zure ingurunea" programa… eta beste hamaika ekimen antolatu zituen. Caicedoko lakua eta Gesaltzako Gatz Harana berreskuratzeko ekimenak ere bultzatu zituen.

Erlazionatuak

Hil da Koldo Larrañaga, euskaltzale handia

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2017 abu 16 Añana   Lantaron

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide