Ana Belen Jimenezen hilketa matxistaren lehen urteurrenean emakumearen familiak eta lagunek elkarretaratzea egin dute, Erriberabeitiko udaletxearen aurrean. Halaber, kontzentrazioa egingo dute, gaur 20:00etan, Gasteizko Andre Maria Zuriaren Plazan emakumea gogoratzeko eta hilketa matxistak salatzeko.
Iragan urrian hil zuten Jimenez; Miranda de Ebron aparkatuta zegoen auto batean aurkitu zuten emakumearen gorpua, indarkeria zantzuekin. Ordu gutxitara atxilotu zuten haren bikotekidea, Gasteizen, lantokian, eta espetxeratzeko agindua eman zuen epaileak, hilketa egotzita.
Emakumea Gasteizkoa zen sortzez, baina Lantaronen bizi zen, eta Ribabellosan lan egiten zuen. 15 eta 18 urteko seme-alaba bi zituen hil zutenean.