Erromatar garaiko herrixka baten aztarnak aurkitu dituzte Atiagan

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2018ko ira. 25a, 17:43

Erromatar garaiko herrixka txiki baten arrastoak aurkitu dituzte Atiaga ondoan, Arabako Haranak ureztatzeko obrak egiten ari zirela.

Iragan astean topatu zituzten giza-eskeleto bat osorik eta hainbat eraikuntzaren aztarnak: etxeak, zereal-zuloak eta galtzada baten zatiak. Herritik gertu dago aurkikuntza egin duten tokia, ibaiaren bazterrean dagoen lursail zabal eta lau batean.

Ura eramateko tutueriak jartzeko zuloak egiten ari zirela aurkitu zituzten lehen aztarnak, eta dagoeneko hainbat zulo egin dituzte lursail horretan laginak hartzeko. Antequem arkeologia enpresako Luis Villanuevak ALEA aldizkariari azaldu dio erromatar herri txiki baten aztarnak direla: "Ez dira oso nabarmenak, ez da mosaikoak dituen hiri garrantzitsu bat; etxeko hormak agertu dira, hilobi bat, induskatu dugu ingurua, eta tutueriak desbideratu ditugu. Ikerkuntzararako interesgarriak izan daitezke". 

Villanuevak argitu duenez, obra honetan ere kontrol arkeologikoa egin dute, eta dagoeneko Atiagako eremuaren inguruko txosten arkeologikoa osatzen ari dira, Aldundiari helarazteko: "Egungo politika da ezer ez hondatzea, nahiz eta oso nabarmena ez izan; egia da batzuetan ez dagoela aukerarik, baina Atiagako kasuan posible izan da, eta hala egin dugu".

BiBat Arkeologia Museoko zuzendari Javier Fernandez Bordegaraik berretsi du prozedura arrunta  jarraitu dela Atiagako kasuan; eta argitu du oraindik ez dakitela arrastoek zer garrantzia izan dezaketen, Valladolideko arkeologoen txostenaren zain daudelako: "Momentuz ez dakigu zer diren, arrastoak agertu direla badakigu baina ez zer garrantzia duten. Urtebeteko epea du arkeologi enpresak laborategian arrastoen garbiketa eta ikerketa egiteko, eta gero materialak Aldundiaren esku jarriko ditu".

Fernandez Bordegarairen esanetan, jakina da Tuesta eta Atiaga herrien inguruan aztarnategiak daudela. "Badakigu inguru horretan La Miel bezalako aztarnategi batzuk daudela material solte batzuk agertu direlako, hezurrak edo zeramika zatiak; baina ez daude ondo ezaugarrituta, oso informazio gutxi eta oso datu gutxi ditugu". Hortaz, ez da aurkikuntza harrigarria, baina interesgarria izan daiteke informazioa osatzeko: "Lortzen den informazioa baliagarria da datazioa ikertzeko, mundu kulturala ikertzeko; zailena da ondo ezaugarritzea, oso konplexuak direlako aztarnategiak".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide